Iker Badiola ikerlariak "hunkituta" jaso du Zilarrezko Antxoa
25. Antxoa Eguna ospatzen dabiltza gaur [maiatzak 16] ondarrutarrak. Iker Badiola ikerlariak jaso du Zilarrezko Antxoa, eta esker hitzak bota ditu Kofradia Zaharreko balkoitik.
Antxoa izan da gaurko [maiatzak 16] protagonista Ondarroan: pla-pla, ozpinetan zein oliotan. Izan ere, egun berezia da Antxoa Eguna ondarrutarrentzat, eta nabari da herriko kaleetan. Guztira, 300 kilo antxoa erabili dira gaurkoan pintxoak egiteko. Aurten, Iker Badiola zientzialari eta ikerlariak jaso du Zilarrezko Antxoa.
11:30ean, turrun hotsarekin batera, eman diote hasiera Antxoa Egunari. Nerea Gartzia eta Josu Etxaburu esatari lanetan zebiltzan bitartean, jendea batzen joan da Alde Zaharrean. Herriko eragileek postuak jarri dituzte antxoa pintxoak eta edariak eskaintzeko, eta ondarrutar zein inguruko herritar ugari batu dira inguruan. Galiziar Etxea, Gaur Hontza, Pixape, Eskilantxarri eta Txitxipotxin elkarte gastronomikoek egin dituzte pintoan eta herriko eragileek saldu dituzte: Andrak Erramutan, Arranondo, Arnasa Elkartea, Artibai Judo, Aurrera Geuria Txirrindu Elkartea, Galizir Etxea, Danak Etxea, Kantaize Orfeoia, Karenka Elkartea, Hondar Ahua guraso elkartea, Tupay peruar kultur elkartea, Txirrimorraski ODLT eta Yaalah Elkartea. Horrez gain, herriko tabernetan ere egon da aukera pintxoak dastatzeko.

12:00etan Unanue Udal Musika Eskola eta Bermeoko Udal Musika Eskolako Rock konboek kontzertua eskaini dute, eta nahiz eta asmoa Musika Eskolaren aurrean egitea zen, eguraldiagatik barruan egin dute ekimena.
12:30ean aldarrikapenekin bete da Alde Zaharra. Izan ere, Bizkaiko Arrain Kontserberetako langileek elkarretaratzea egin dute, “hitzarmen duina” eskatzeko. Gainera, jakinarazi dute, maiatzaren 21ean egun guztiko greba egingo dutela: “Ezinbestekoa da gure bizi baldintzak hobetzea. Horregatik, gure egoera nabarmen hobetuko duen eskaintza egon arte borrokan jarraituko dugu“.
14:00ak jo orduko igo dira udal ordezkariak Kofradia Zaharreko balkoira, baita Iker Badiola Etxaburu zientzialari eta ikerlaria ere. Badiolak jaso du gaurkoan aurtengo Zilarrezko Antxoa, eta “hunkituta” agertu da herritarren aurrean. “Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot udal gobernuari, Ondarroako Udalari eta Ondarroako herriari. Bigarrenik, nik minbizia ikertzen dudan heinean, uste dut, momentu ona dela gogoratzeko molekulak eta zelulak ikertzen ditudan arren, hauen atzean pertsonak daudela. Beraz, txalo bero bat guztientzako”. Herritarrek txalo zaparradaz erantzun diote Badiolaren hitzei.

Goizeko egitarauaz gain, herritarrek badaukate oraindik zertaz gozatu 25. Antxoa Egunean. Egunari amaiera emateko 20:00etan Seittun erromeria taldea egongo da Itsasaurren. Gainera, zapatuko egitaraua ez ezik, bihar ere egongo da zer ikusi. 10:30ean Trainerilen Euskadiko Txapelketa egongo da Ondarroan, Ondarroa Arraun Elkarteak antolatuta.