'Bat egin' eguna ospatuko dute Markina-Xemeinen eta Mutrikun
EH Bilduk 'Bat egin' egunak antolatu ditu zapaturako [maiatzak23], eta Mutrikun eta Markina-Xemeinen egun guztiko egitaraua izango dute.
EH Bilduk Bat egin egunak antolatu ditu zapatuan [maiatzak 23] Mutrikun eta Markina-Xemeinen. Markina-Xemeingo eguna Lea-Artibai eskualde mailakoa izango dela iragarri dute. “Azken hilabeteetan, EH Bilduko kideok erronka desberdinei heltzen gabiltza. Bizi dugun egoera konplexuak herri bezala erantzutea eskatzen du, eta horretarako, EH Bilduko komunitatea batu eta gure artean saretzeko eguna antolatu dugu”.
Mutrikun herri olinpiadekin hasiko dute eguna, Egaña frontoian, eta ondoren, 13:30ean, triki poteoa egongo dute, Zubixan hasita. 15:00etan herri bazkarian elkartuko dira Beheko plazan, eta ondoren, Uxue eta Esteberen kantaldiarekin gozatzeko aukera izango dute. 20:00etan, DJ Jotatxo egongo da Zubixa kanpoan.
Markina-Xemeinen 10:30ean emango diote hasiera egunari, ongi etorriarekin. 10:45ean solasaldia izango dute Markina-Xemeingo Kultur Aretoan, eta 11:30ean kafearen ordua izango da. 11:45ean, berriz, mahai-inguruan elkartuko dira: Lea Artibain zer eta zelan. Alkateak eta zinegotziak. Ondoren, bazkaldu egingo dute bertaratutako guztiek, Plazaberripean, eta amaitzeko, kantaldia egongo da.