Lekeitiok eguzki plakak jarri ditu futbol zelaian
Udalak energia berriztagarrien aldeko apustua indartu du karbono neutraltasunerantz pauso berriak emanez.
Lekeitioko Udaleko Hirigintza, Obrak eta Iraunkortasuna Batzordeko kidea, Ane Kaskorrotza, azaldu duenez, Lekeitioko udal futbol zelaian plaka fotovoltaiko berriak instalatu dituzte, udalerriaren energia berriztagarrien aldeko estrategian beste urrats bat emanez. Ekimenaren helburua karbono neutraltasunerantz eta energia burujabetzarantz aurrera egitea da.
Proiektuaren bidez, udal instalazioetan bertan energia sortu eta kontsumitzea bilatzen da, kanpoko hornikuntzarekiko menpekotasuna murrizteko asmoz.
Kaskorrotzak nabarmendu du udalaren erronka nagusietako bat dela energia berriztagarrien aldeko pausoak ematea eta tokian bertan sortutako energia sustatzea. Gogorarazi duenez, gaur egun kontsumitzen den energiaren zati txiki bat baino ez da berriztagarria eta kanpoko energiarekiko menpekotasuna handia dela.
Udalak azken urteotan hainbat neurri hartu ditu energia garbien alde. Besteak beste, ibilgailu elektrikoentzako karga puntua jarri da eta eskoletan eguzki plakak instalatu dira. Orain, futbol zelaiari gehitu zaio proiektu berria.
Gainera, laster Jubilatuen egoitzan, Trinketean eta Kultur Etxean ere plaka fotovoltaikoak jarriko dituztela iragarri dute udal ordezkariek.