Mutrikuko babes dikea behin betiko sendotuko du Eusko Jaurlaritzak, 14,3 milioi euroko inbertsioagaz
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, lanak portuaren segurtasuna indartuko du itsas denboraleen aurrean.
Eusko Jaurlaritzak Mutrikuko portuko babes dikea sendotzeko lana onartu du, 14,3 milioi euroko inbertsioarekin. Azaldu dutenez, honen helburua, portuaren segurtasuna “indartzea” da, baita ere “Gipuzkoako portu azpiegitura nagusietako baten etorkizuneko egonkortasuna eta operatibitatea bermatzea”.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Mutrikurentzat “lehentasunezkoa” den lan bat berraktibatu du: “Aurrez hasitako kontratazio prozedurari uko egin behar izan ondoren, proiektua eguneratzeko eta kostuk zein baldintza teknikoak eraikuntza sektorearen egoera ekonomiko berria egokitzeko beharra zegoen”. Berrikuspena egin ondoren, sailak berriro bultzatu du lana, “prezioen bilakaerara eta obraren exekuzioa baldintza berrietara egokitutako proiektuarekin”.
14,35 milioi euroko inbertsioa izango du guztira Mutrikuko babes dikearen lanak: “2026 eta 2028 artean irismen handiko esku hartzea gauzatzea ahalbidetuko du. Aipatutako esku hartzea olatuen eta gero eta bortitzagoak diren itsas denboraleen inpaktuaren aurrean duen portaera estrukturala indartzera bideratuta dago”.
Hala, babes dikea sendotzeak portuaren barneko babesa hobetzeaz gain, itsas agitazioaren eragina murriztea eta arrantza jarduerarako nahiz portu eta nautika erabilerarako segurtasun baldintzak handitzea ahalbidetuko duela dio Eusko Jaurlaritzak: “Gainera, esku hartzearen helburua azpiegituraren erresilientzia indartzea da fenomeno meteorologiko kaltegarrien aurrean, baita haren epe luzerako funtzionamendua bermatzea ere”.
Obrek dikeko zenbait puntutan egiturazko indartze lanak barnebiltzeaz gain, higaduraren eta itsasoaren indarraren aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko lanak ere barnebiltzen dituzte: “Esku hartzea iraunkortasun, egonkortasun eta egungo itsas baldintzetara egokitzeko irizpideekin diseinatu da”.
Jakinarazi dutenez, proiektuak eragin “zuzena” izango du portuari eta haren inguruneari lotutako jarduera ekonomikoan; izan ere, Gipuzkoako kostaldean inbertsio publiko garrantzitsua ekarriko duela azpimarratu dute: “Mutrikuko portuak zeregin garrantzitsua betetzen du arrantza jarduerarako, sektore naturikoarentzat eta tokiko dinamismo ekonomikoarentzat, eta, aldi berean, udalerriko itsas frontea babesteko azpiegitura estrategikoa da”.
Babes dikea sendotzeko lanen inbertsioaren zatirik handiena datozen bi urteetan kontzentratuko da: “Horrek aukera emango du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko portu azpiegituren segurtasunerako eta modernizaziorako lehentasunezkotzat jotzen den lan baten exekuzioan modu intentsiboan aurrera egiteko”.
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, lan honen bidez euskal portuak mantendu eta modernizatzeko egindako apustua “indartu” egingo da: “Segurtasunera, jasangarritasunera eta itsas azpiegiturak klima eta operazio erronka berrietara egokitzeko bideratutako inbertsioen bidez”.