Zinegoak jaialdiaren bi ekitaldi hartuko ditu Ondarroak
Maiatzaren 24an, film laburren saioa egongo da, eta maiatzaren 31n, 'Between goodbyes' film dokumentala.
Urtero Bilbon antolatzen den Zinegoak LGTBIQ+ nazioarteko zinemaldia Ondarroara helduko da aurten ere, eta bi emanaldi eskainiko ditu. Azken urteetan bezala, Kofradia Zaharrean film laburrak eta film dokumental bat ikusteko aukera egongo da maiatzaren amaieran: lehenengoa, maiatzaren 24an [domeka], eta bigarrena, maiatzaren 31n [domeka].
Domekan [maiatzak 24], 19:00etan, film laburren saioa egongo da, eta maiatzaren 31n Between goodbyes film dokumentala ikusteko aukera egongo da. Ez da beharko sarrerarik emanaldietarako. Between goodbyes Jota Sosnowskiren dokumentala da: “Adoptatutako korear homosexual batek bere odoleko ama Seulen bisitatzen duenean, damuak, eta gaizki ulertu kulturalak azaltzen dira, samurtasunarekin, umorearekin eta irmotasunarekin batera”.
Zinegoak. Zinegoak jaialdiaren 23. edizioan, komunitatea eta munstroaren figura erresistentzia kolektiboko gune gisa aldarrikatu dute. Bilboko LGTBIq+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, aurten, “bestetasuna, singulartasuna eta munstroaren figura aldarrikatuko ditu ez normatibitatearen metafora gisa”. Hala, programazio zabal bat eskainiko du, non arte eszenikoek, hausnarketarako guneek, topaketek eta zinema industriari buruzko atalek lekua izango duten.