'Herritu' ekimenak harrera "oso ona" izan du Ondarroan
Atzo [maiatzak 19] aurkeztu zuen Gure Eskuk 'Herritu' ekimena. Antolatzaileek aurkezpenaren balorazio "oso positiboa" egin dute.
Herritu egitasmoaren aurkezpena, Ondarroa. Gure Esku. Gure Eskuk euskal komunitatea trinkotu eta eraikitzen jarraitzeko helburu duen Herritu ekimena aurkeztu zuen atzo [maiatzak 19] Ondarroako Kofradia Zaharrean. Aurkezpenaz gain, musika eta bertsoak ere egon ziren, Idurre Ibazeta eta Iñaki Lersundiren eskutik. Horrez gain, ekitaldian bi familia omendu zituzten, “urte luzeetan Euskal Herriaren alde lan egiteagatik eta hurrengo belaunaldiei transmisio hori egiteagatik”.
Gainera, ekitaldian bertan ere Herritutzeko aukera egon zen, eta maiatzaren 25etik 29ra bitartean ere aukera egongo da Ondarroako Erakusketa Aretoan, arratsaldeetan. Gure Eskuko Josu Etxaburuk aurkezpenaren “balorazio oso positiboa” egin du: “Oso pozik geratu ginen jendearen erantzunaz. Etorritako jendearengan ilusioa eta ekimenean parte hatzeko gogoa ikusi genuen. Horrez gain, atzoko ekitaldian garrantzitsuena bi familiei egindako aitortza izan zen. Izan ere, euren bidez Ondarroan dauzkagun beste hainbat familiak egindako transmisioa aitortu eta eskertu nahi izan dugu. Bakoitzak beretik egindako lana, baina guztiok Euskal Herriaren alde”.
Herritu. Herritu ekimena norberaren euskal herritartasuna adierazteko euskarri fisiko sorta bat da, txartela, pina eta pegatina barnebiltzen dituena. Txartela digitala ere izan daiteke: “Ekintza bat da, Euskal Herria nazioa dela, zazpi lurraldez osatutakoa, eta euskara berezko hizkuntza duela esateko. Ekintza bat euskal herritarrok gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugula, eta XXI. mendeko erronkei heltzeko, burujabetza tresnak behar ditugula aldarrikatzeko. Ekintza bat, Euskal Herria herritar guztien eskubide guztien bermearen gainean eraikiko dugula gogorarazteko”.
Hala, 20 urtera artekoek bost euro ordaindu beharko dituzte, eta 20 urtetik aurrerakoek hamar euro; gainera, umeak ere Herritu daitezke. “Herritun denok dugu gure lekua. Herrituk batzen gaitu eta atzoko ekitaldian hori ere azpimarratu genuen. Herritu denona da, eta horrela sentitzea nahi dugu. Beraz, Herritutzeko gonbidapena luzatu nahi diegu euskal herritarrei. Bazatoz? Prest?”.
