Munitibarko Habixi elkarguneak urteurrena ospatuko du zapatuan egun osoko egitarauagaz
Pala txapelketako finalak, bazkaria, umeentzako jolasak eta gaueko kontzertuak antolatu dituzte herriko giroa eta elkarlana indartzeko.
Munitibarko Habixi elkarguneak lehen urteurrena ospatuko du zapatu honetan [maiatzak 23], egun osoko egitarauagaz. Duela urtebete sortu zuten proiektua herriko hainbat talderen elkarlanetik, eta ordutik “herria bizirik eta aktibo mantentzeko” espazio bihurtu dela azaldu dute antolatzaileek.
Habixi elkargunea Munitibarko bost taldek osatzen dute gaur egun: guraso elkarteak, adinekoen taldeak, ezker abertzaleak, emakume talde feministak eta gazte taldeak. Sortzaileek nabarmendu dute lehen urte honek “balorazio oso positiboa” izan duela, herritarren parte-hartzea handia izan delako antolatutako ekintza guztietan.
Urteurreneko ospakizunari “Gaurko hazixe, bixerko loraldixe” leloa jarri diote. Antolatzaileen esanetan, esaldi horrek proiektuaren izaera islatzen du, etorkizunera begirako herri ekimen bat delako.
Goizean pala txapelketako finalak jokatuko dituzte frontoian. Ondoren, pregoia eta txupinazoa egingo dituzte modu kolektiboan, eta herriko gazte batzuek dantzan parte hartuko dute. Eguerditik aurrera, poteo musikatua izango da herrian zehar.
14:30ean herri bazkaria egingo dute plazan bertan, eta 80 lagunek eman dute izena. Bazkalostean, Kittu taldearen girotzea eta ume zein gazteentzako jolas kooperatiboak izango dira.
Gauean emango diote amaiera ospakizunari, Sueder taldearen kontzertuagaz eta DJ Bullen saioagaz.
Antolatzaileek azaldu dute egitaraua adin guztietako herritarrentzat prestatu dutela, “giro herrikoia eta parte-hartzailea” sustatzeko helburuagaz.
EGITARAUA.
11:00. Pala txapelketako finalak.
13:00. Pregoia eta txupina.
Ostean. Poteo musikatua.
14:20. Argazki herrikoia aterako da, Plazan.
14:30. Bazkaria.
17:00. Bazkal oste girotua. Kittu taldea.
Ostean. Ume eta gazteentzako jolasak.
22:00. Sueder eta Dj Bull-en kontzertuak.