Arlo ezberdinetako adituen plaza bihurtuko da Zientzia eta Teknologia astea
Maiatzaren 26tik [martitzena] 29ra [barikuan] bitartean Zientzia eta Teknologia astea antolatuko du Ondarroa BHIk.
Ondarroa BHIk zientzia eta teknologia astea antolatu du. Ondarroa BHI. Zientzia eta teknologiari buruzko jakin mina eta motibazioa sustatzea helburu izanda, Ondarroa BHIk Zientzia eta Teknologia astearen 6. edizioa antolatu du datorren asterako. Martitzenean [maiatzak 26] emango diote hasiera asteari, eta barikura [maiatzak 29] arte iraungo du. Bertan, herriko hainbat arlotako adituak izango dira protagonista, eta zientzia, teknologia, komunikazioa eta sormena izango dituzte hizpide hiru egunetan.
Gainera, iaz bezala, aurten ere, hitzaldi guztiak streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da, “herritarrengana iristeko“. Ekimena, Ondarroako eta Berriatuko zenbait tabernetan ere ikusi ahalko dira zuzenean. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, streaming bidezko emanaldiek azpitituluak izango dituzte, “irisgarritasuna bermatzeko”.
Egitarau “oparoa”. Martitzenean [maiatzak 26], 09:00etan, Ainhoa Plaza Zabalak Garuna lanean, pentsamendua kantuan hitzaldia eskainiko du, eta saioan bertan, Plazak Iñigo Arrizabalaga Alberdi bertsolariaren adibideak erabiliko ditu. Hitzaldiak hizkuntzaren, musikaren eta garunaren arteko lotura izango du ardatz.
Eguaztenean [maiatzak 27], 09:00etan, Erlojuaren orratzak larrialdietan hitzaldia eskainiko du Leire Egiguren Urrosolok. Teknologia adimendunek larrialdi egoeretan duten erabilera azalduko du Egigurenek. Eguenean [maiatzak 28], berriz, Xabi Navarro Etxeberria Jotak Soinua haizeak eraman ez dezan saioa eskainiko du, soinuaren eta komunikazioaren inguruko esperientziak partekatuz.
Amaitzeko, barikuan [maiatzak 29], Naiara Azpiri Zenarruzabeitiak eta Jorge Parga Villalpandok Zirriborrotatik pantailara: nork sortzen ditu erabiltzen dituzun aplikazioak? hitzaldia eskainiko dute, aplikazio digitalaren garapen prozesua azalduz.
EGITARAUA
Martitzena, maiatzak 26
- 09:00-10:00. Garuna lanean, pentsamendua kantuan hitzaldia, Ainhoa Plaza Zabala eta Iñigo Arrizabalaga Alberdiren eskutik.
Eguaztena, maiatzak 27
- 09:00-10:00. Erlojuaren orratzak larrialdietan Leire Egiguren Urrosoloren eskutik.
Eguena, maiatzak 28
- 11:00-12:00. Soinu haizeak eraman ez dezan hitzaldia, Xabi Navarro Etxebarria Jotagaz
Barikua, maiatzak 29
- 09:00-10:00. Zirriborrotatik pantailara: nork sortzen ditu erabiltzen dituzun aplikazioak? Naiara Azpiri Zenarruzabeitia eta Jorge Parga Villalpandoren eskutik.