Bizkaiko arrain kontserberetako grebak "jarraipen zabala" izan du
Kontserberetako langileek "hitzarmen duina" eskatu dute. Goizean piketeak egin dituzte eskualdean, eta ondoren, Bilboko manifestaziora joan dira.
Bizkaiko arrain kontserberetako laginleen greba. LAB. Lanuzteen eta elkarretaratzeen ostean, Bizkaiko arrain kontserbetako langileek egun guztiko greba egin dute gaur, CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta. LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, gaurko grebak jarraipen “zabala” izan du: “Lea-Artibain enpresa pare bat itxita egon dira, lanik ez dagoelako eta langileak langabezian daudelako. Baina beste enpresa guztietako gehiengoak greba egin du”.
Goizeko piketeekin hasi dute eguna grebalariek, eta ondoren, autobusean sartu eta Bilbora joan dira, manifestaziora: “120 lagun joan gara Bilbora Ondarroatik, eta beste horrenbeste Bermeotik. Eskualde bakoitzetik bi autobus handi bete ditugu”.
Bizi duten prekarietateari aurrea egitea helburu izanik, hitzarmen duina eskatu dute langileek: “Borroka testuinguru honetan patronalaren azken eskaintza hurrengoa izan da: 2028ra arte 1.400 eurora eta 2030era arte 1.500 eurora iristen ez diren soldatak, KPIaren araberako bermerik gabeko igoerak, soldata arrakala onartu bai baina 2030. urtera arte eustea, eta aldizkako kontratu finkoei edo ETTei mugarik ez jartzea”.