Bizkaiko garbikuntza sektoreko langileek hiru greba egun egin dituzte
Martitzenean, atzo eta gaur greba egin dute Bizkaiko garbikuntza sektoreko langileek. Maiatzaren 27an egingo dute hurrengo bilera patronalarekin.
Bizkaiko Garbikuntza Sektoreak borrokan jarraitzen du. Izan ere, hilabeteetako greba egunak pasa ondoren, Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbikuntza hitzarmenaren negoziazio mahaiaren 17.bilera ospatu zuten maiatzaren 7an, eta ELA eta LAB sindikatuek adierazi dutenez, bilerak 15 minutu iraun zituen.
Hala, aurreko bileran zehaztu bezala, ELAk proposamen berri bat eraman zuen maiatzaren 7ko bilerara. “Egindako aldaketek ez dakartzate galerarik eskubideetan, eta berriro berresten gara berdinean, ez ditugu onartuko antzinatasunean planteatzen ari diren murrizketak, ezta laneko bajen osagarrietako murrizketak ere”, azaldu dute ELAtik. Proposamen berriaren aurrean, patronalak erantzun zuen sindikatu guztiek mugimenduak egin ondoren, orain, beraien txanda zela proposamen berri bat egiteko, baina oraindik aztertu gabe daukatela proposamena.
ELAk azaldu duenez, patronalak ez du irakurri ere egin proposamena, “beraz bilera aurrerapenik gabe amaitu da, patronal honek daukan sektoreko langileekiko axolagabekeria erakutsiz”. Honen aurrean, LABek ere bere harridura adierazi du: “ELAk apirilaren 14an erregistratu zituen bere mugimenduak, eta uste dugu patronalak denbora izan duela hori aztertzeko eta maiatzaren 7ko bilerara proposamen bat eramateko, eta ez negoziazioa luzatzeko. Beraz, proposamenik gabe, zentzurik ez genion ikusi bilera luzatzeri. Orduan, maiatzaren 27an geldituko gara berriro”.
Patronalaren “immobilismoaren” aurrean, sindikatuek greba egunak ditu zituzten martitzenean, eguaztenean eta gaur: “Historian lortutako eskubide guztiak borrokari esker lortu dira, eta hori da orain dagokiguna, 1.500 euro x 15eko soldata duina lortzeko antolatzea eta borrokatzea”.