Lekeitiok banda tradizioa berreskuratu eta musika eskola publikoa sortu du
2026-2027 ikasturtetik aurrera, Lekeitioko musika ikasketa ofizialak udal titulartasun publikora igaroko dira, egonkortasun ekonomikoa, hobari sozialak eta banda berri baten sorrera ekarriz.
Atzo [maiatzak 20], Lekeitioko Udalak ofizialki aurkeztu zuen herriko kultur eta hezkuntza arloko azken urteetako proiekturik handienetako bat: Udal Musika Eskola Zerbitzua. 2026-2027 ikasturtetik aurrera martxan jarriko den egitasmo berriak, lehen aldiz, Lekeitioko musika ikasketa ofizialak udal titulartasun publikora eramango ditu, eta horrekin batera, egonkortasun ekonomikoa, hezkuntza kalitatea eta herritar guztientzako sarbidea bermatu nahi dira.
Aurkezpenean azaldu zutenez, proiektu hau ez da egun batetik bestera sortutako erabakia izan. Azken hiru ikasturteetan, Udalak sakon aztertu du herriko musika hezkuntzaren egoera, batez ere azken 13 urteotan zerbitzua eskaini duen Musikaia Musika Eskolaren egoera ekonomikoa ikusita. Denbora horretan guztian, Musikaia izan da herriko musika ikasketa ofizialen erreferente nagusia, eta urtez urte ikasle kopurua handituz joan da, herrian musikarekiko dagoen zaletasuna eta interesa agerian utziz. Gaur egun, eskolak 389 ikasle eta 704 matrikula ditu.
Hala ere, azken urteetan egoera ekonomikoa gero eta zailagoa bihurtu dela azaldu zuten. Orain arte, Musikaiaren finantziazioa hiru iturritan oinarritu da: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak, Lekeitioko Udalaren ekarpena eta erabiltzaileen kuotak. Musika eskola pribatua izanik, erakunde publikoek ezin izan dute zerbitzuaren zati handiago bat finantzatu, eta ondorioz, gastuaren pisurik handiena familien gain erori da urte luzez.
Horrek zuzenean eragin du irakasleen lan baldintzetan eta baliabideetan. Nahiz eta Musikaia beti saiatu den inguruko udal musika eskolen antzeko prezioak mantentzen, ezin izan dira beharrezko hobekuntzak egin ez irakasleen hitzarmenetan, ezta material eta azpiegituretan ere. Udalak aitortu zuen egoera hori ezin zela luzaroan mantendu, eta horregatik erabaki dela zerbitzua publiko bihurtzea.
2026ko irailaren 1etik aurrera, Udal Musika Eskola Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren sare publikoaren barruan integratuko da eta titularra zuzenean Lekeitioko Udala izango da. Langileen kudeaketa lizitazio bidez egingo da, inguruko beste udal musika eskola askotan egiten den bezala.
Aldaketa handienetako bat finantziazio ereduan etorriko da. Orain arte, erabiltzaileen kuotek zerbitzuaren kostuaren erdia baino gehiago estaltzen zuten. Sistema publiko berriarekin, ordea, finantziazioa hiru zatitan banatuko da: heren bat Eusko Jaurlaritzak jarriko du, beste heren bat Udalak eta azken herena erabiltzaileek ordainduko dute. Horrek esan nahi du musika ikasketen benetako kostuaren zatirik handiena erakunde publikoek hartuko dutela bere gain.
Hala ere, Udalak azaldu zuen 2026-2027 ikasturtean gaur egungo kuotak mantendu egingo direla, sistema berria egonkortzeko eta lehen urteko gastuei aurre egiteko. Dena den, lehen aldiz hobari sozialak aplikatuko dira. Langabezian dauden pertsonek, %33tik gorako desgaitasuna dutenek eta 65 urtetik gorakoek %50eko hobaria izango dute. Familia ugariek eta familia bereko hainbat kide matrikulatuta dituztenek ere deskontuak izango dituzte.
Udalaren arabera, etorkizuneko helburua kuotak pixkanaka jaistea izango da, zerbitzu publikoa guztiz sendotzen den neurrian.
Eskolak, oro har, orain arteko egitura eta eskaintza akademiko bera mantenduko du. Ikasgaiak, espezialitateak, metodologia, ebaluazio sistema, kontzertuak eta ikasketa espazioak bere horretan jarraituko dute, guztiak Eusko Jaurlaritzaren 64/2024 Dekretuan oinarritutako curriculumarekin.
Lekeitioko Udal Musika Eskolako Banda eta Banda Txikia
Hala ere, proiektu berriak berrikuntza garrantzitsu bat ere ekarriko du: Udal Musika Eskolako Banda eta Banda Txikia sortzea. Helburua Lekeitiok historikoki izan duen banda tradizioa berreskuratzea da, eta herriko kultur agendaren parte aktibo izango den talde egonkor bat sortzea.
Bandak urte osoan zehar parte hartuko du herriko ekitaldi nagusietan, hala nola San Antolinetako kalejiran eta kontzertuan, Santa Zezilia egunean, Gabonetako emanaldietan, Errege Kabalgatan, Inauterietan edo San Pedro jaietan. Entseguak Nautika eraikineko hirugarren solairuan egingo dira, historikoki bandaren espazioa izan den leku berean.
Inbertsio berezia
Aurkezpenean azaldu zutenez, espazio horretan dagoen materialaren egoera oso eskasa da gaur egun. Tresna asko hondatuta edo erabilera gabe daude, eta horregatik Udalak ia 50.000 euroko inbertsio berezia egingo du instrumentu berriak, atrilak, aulkiak eta bestelako materialak erosteko, baita erabil daitezkeen tresnak konpontzeko ere.
Bandan parte hartu ahal izango dute bai musika eskolako ikasleek bai instrumenturen bat jotzen dakiten herritarrek, 14 urtetik gorakoek. Gainera, parte hartzea doakoa izango da, ez baita matrikula edo kuotarik ordaindu beharko.

Banda berrian izena emateko epea zabalik
Lekeitioko Udalak dagoeneko zabaldu du Udal Musika Eskolako Banda eta Banda Txikian parte hartu nahi dutenentzako aurre-matrikula epea. Interesdunek gaurtik [maiatzak 21] ekainaren 5era arte eman ahal izango dute izena, musika eskolara bertaratuta edo telefonoz nahiz posta elektronikoz harremanetan jarrita. Aurre matrikulan izen-abizenak, kontakturako datuak, jotzen den instrumentua, musika maila eta bandan aurretik esperientziarik duten galdetuko da. Behin aurre-inskripzioa eginda, Musika Eskolak interesdun bakoitzarekin harremanetan jarriko da matrikula ofizialaren pausoak azaltzeko. Matrikulazioa ekainaren 8tik 12ra edo 23tik 26ra bitarte egingo da, eskolan bertan edo online, Musikaia webgunea bidez. Bandako kideek musika eskolako ikasle izaera izango dute, baina ez dute matrikula tasarik ezta kuotarik ordaindu beharko.
Udalak azpimarratu zuen proiektu hau ez dela soilik hezkuntza zerbitzu berria, baizik eta herri mailako apustu estrategikoa. Musikaren bidez kultura, euskararen sustapena, gizarte kohesioa eta belaunaldi berrien hezkuntza indartu nahi dira.
Aurkeztutako aurreikuspenen arabera, sistema publiko berriarekin ikasle kopuruak gora egingo du datozen urteetan. Gaur egungo 389 ikasleetatik, 2026-2027 ikasturtean 420 ikaslera iristea espero du Udalak, eta matrikulak ere 760ra igotzea aurreikusten da.
Horrela, Lekeitiok aro berri bati ekingo dio musikaren eta kulturaren arloan, herriko ondarea eta etorkizuna uztartuko dituen proiektu publiko batekin.