Korrikaren 12. egunean, arnasguneei arnasa ematen
Markina-Xemeingo Uhagonen atzo egindako saioa.Lea-Artibaiko AEK 24. Korrikaren amaieraren biharamunean, 12. eguna ekimena iragarri zuen AEK-k. 24. Korrikak utzitako “sentsazio indartsuei” helduta, AEKn hainbat konpromiso hartu zituzten, besteak beste, euskararen normalizazioari dagokionez, jendarteko hainbat esparrutan aurrerapausoak egingo zituztela adierazi zuten, gainerako eragileak ere gauza bera egitera gonbidatuz. Benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika amaituta zetorrela nabarmendu zuten: “Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak irauten duen 11 egunetatik harago joan behar dugu”. Horregatik abiatu zuten Korrikaren 12.eguna, eta horren barruan, mintzodromoak egin zituzten atzo [maiatzak 21].
Euskara praktikatzeko eta euskaraz bizitzeko espazio erosoak dira mintzodromoak eta mintzapraktika taldeak eta Euskal Herriko 60 txoko baino gehiagotan elkartu ziren herritarrak: “Atzo mintzodromoak izan ziren 12.eguna ekimenaren barruan, euskarari arnasa eta ahotsa emateko. Euskal Herriko txoko askotan elkartu ginen, euskaraz hitz egiteko, entzuteko eta elkarrekin gozatzeko. Mintzodromoak eta mintzapraktika taldeak aukera paregabeak dira euskara praktikatzeko, konfiantza hartzeko eta euskaraz bizitzeko bidean urratsak egiteko”. Hitzez hitz eta pausoz pauso, euskara egunero elikatzen dela aldarrikatu dute.
Lea-Artibain ere bat egin zuten dinamikagaz, eta Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan bildu ziren. Eskualdeko AEK-ren arduradunek eskerrak eman dizkiete parte hartu zuten guztiei, eta “arnasguneetan arnasa ematen” segitzeko konpromisoa berretsi eta horren garrantzia azpimarratu dute, “euskaraz garelako”. Era berean, Berbalagun egitasmoan parte hartzeko gonbidapena zabaldu dute.

Lekeitioko mintzodromoko taldeetako bat.Lea-Artibaiko AEK