100 kilo txerriki ari dira prestatzen Udabirra Fest jaian
Goiza lasai hasi dute amorotarrek, baina gaur [maiatzak 23] arratsaldean jende ugari espero dute herriko frontoian. 16:00etatik aurrera Amorotoko Pala Txapelketako finalak jokatuko dituzte, eta 20:00etan Kittu taldea egongo da.
Herritarren artean errotu da jada urtez urte Amoroton ospatzen duten Udabirra Fest jaia. Herrian bertan egindako garagardoak dastatzeko aitzakiagaz, frontoian elkartu, txerri pintxoak jan eta lagunarteko giroan igarotzen dute eguna. Hala, aurtengoa ere ez da gutxiagorako izan: gaur [maiatzak 23] berton egindako garagardorik egon ez den arren, 13:00etan hasi dira lehenengo pintxoak saltzen, eta giroa pixkana berotuz joan da.
Antolatzaileek adierazi dutenez, 100 kilo txerriki ekarri dituzte pintxoak prestatzeko. Eguerdian giroa lasai egon da, eta bertaratu direnek txerri pintxoak lasaitasunez dastatzeko aukera eduki dute. Gainera, goizean ikusgai egon da Geuretik Sortuaken erakusketa ere. Arratsalderako, ostera, jende nahikotxo espero dute: “Arratsaldean pala txapelketako finalak jokatuko dira, eta urtero jende ugari biltzen gara frontoian”.
Hori horrela, 16:00etan ekingo diete frontoiko partidei. Amorotoko Pala Txapelketako finalak jokatuko dituzte lehenengo zein bigarren mailako pala jokalariek; guztira 28 bikotek parte hartu dute aurtengo txapelketan. Partidekin hasteko, Pala Txapelketako bigarren mailakoen txanda izango da: Remen eta Baltza ariko dira Iriondo eta Ormazabalen aurka. Ostean, afizionatuak kantxaratuko dira: Okamika eta Arrizabalagak kolore gorria defendatuko dute, eta Albizuk eta Garmendiak, ostera, urdina. Frontoiko jardunagaz amaitzeko, Pala Txapelketako lehenengo mailako finala jokatuko dute Jonpuk eta Epermendik Ibanen eta Liherren aurka.

Lehia beroa espero dute jokalari nahiz ikusleek, eta txapelketari amaiera ezin hobea ematea espero dute: “Txapelketa martxoan hasi zenetik, eguen eta barikuetan jokatu dituzte partidak frontoian. Asko igartzen da herrian txapelketak jartzen duen giro ona, ze, jende ugari elkartzen da frontoian. Finalerdietan, esaterako, frontoi erdi bete zuten ikusleek. Gaur ere, giro ederra espero dugu”. Eguna goi-goitik amaitzeko, gainera, Kittu taldea ariko da herria girotzen, 20:00etatik aurrera.