Habixi Elkarguneak bere lehen loraldia ospatu du
'Gaurko hazixe, bixerko loraldixe' lelopean, urtebeteko ibilbidea ospatu dute Munitibarko Habixi Elkarguneko kideek. Herritarren erantzun ona nabarmendu dute, eta etorkizunera begira hazten jarraitzeko asmoa agertu dute.
Begirada soil batean ezin ikusi daiteke hazia loratzen, baina sustraiak isilean haziz doaz. Modu berean joan da hazten azken hamabi hilabeteetan Munitibarko Habixi Elkargunea ere, eta herri ekimen baten erroak sendotuz, iaz ereindako haziaren lehen loraldia heldu da gaur [maiatzak 23]: Habixi Elkargunearen lehenengo urteurrena. Eguraldi eguzkitsua lagun, munitibartar ugari elkartu dira herriko plazan.
Duela urtebete abiatu zuten proiektua ekarri dute gogora gaur Habixiko kideek, eta herritarrek adi entzun dituzte urtebeteko ibileraren hausnarketak: “Duela urtebete erein genuen hazia. Ez genekien zer forma hartuko zuen, baina bagenuen intuizio bat: elkarrekin egindakoak indar berezia duela. Eta urte honetan ez dugu soilik espazio bat eraiki. Ez dugu soilik egitarau bat osatu. Ohitura txikiak landatu ditugu. Konfiantzak ureztatu ditugu. Eta harreman batzuk sustraiak botatzen hasi dira”.
Hain zuzen ere, Gaurko hazixe, bixerko loraldixe izan da lehen urteurren honetarako erabili duten leloa, eta atzera begiratu bai, baina aurrera ere begiratu dute. Hala, ozen adierazi dute belaunaldien arteko transmisioan sinesten dutela: “Badakigu hazten jarraitzeko ezinbestekoa dela sustraiak zaintzea. Horregatik, belaunaldien arteko transmisioan sinesten dugu: aurretik izan eta egindakoa jaso eta entzun, gaur eraikitzen jarraitzeko, eta etorriko direnei ere zerbait ederra uzteko. Horregatik, gaur ez dugu urte bat bakarrik ospatzen. Gaur gure lehenengo loraldia ospatzen dugu”. Eskerrak emateagaz batera amaitu dute aurtengo pregoia, eta hemendik aurrera hazten jarraitzeko gogoz daudela adierazi dute, “sustraiei helduta, baina loraldi berriei lekua egiten”.
Herriko gazteek ere parte hartu dute ekitaldian, eta bertsoak abestu nahiz aurreskua dantzatzeko tartea hartu dute. Pregoiaren irakurketaren aurretik, gainera, pala txapelketako finalak ere jokatu dituzte: 16 urtetik beherakoen artean Ander eta Oihan izan dira irabazleak, eta bigarren postuan geratu dira Jurdan eta Aina. 16 urtetik gorakoen artean, ostera, Gorka eta Iziar izan dira irabazleak, Jon eta Anderri irabazita.

Goizeko jardunaren ostean, bazkaritarako elkartu dira herritarrak: “Guztira 80 pertsona elkartu gara bazkarian. Oraingoz ondo doa eguna, erantzuna ona ari da edukitzen. Eguraldia bero dago baina giroa ere bero dagoela ikusten da”. Pello Lejarzegi eta Irati Monasterio Habixi Elkarguneko kideek aitortu dutenez, gaurko egunerako gogo handiz zeuden: “Duela urtebete oso ondo ospatu genuen Habixiren hasiera, eta gaurko egunerako gogo handiz geunden. Jendearengan ere, sekulako gogoa eta energia ikusi dugu”. Hala, bazkalostean ere, badute zer egina: Kittu taldearen emanaldia, ume eta gazteentzako jolasak eta Sueder eta DJ Bullen emanaldiak egongo dira.
Lehenengo urtea, “oso aberatsa”. Lejarzegik eta Monasteriok lehenengo urtearen balorazio positiboa egin dute: “Uste dugu urte oso aberatsa izan dela. Herrian eduki duen harrera ona izan da, eta ikusi dugu halako proiektu baten beharrizana egon dela. Herritarrek dena eman dute proiektu honetan”. Aurrera begira, ostera, pregoian azpimarratu duten bezala, hazten jarraitu nahi dute: “Urte hau urtebeteko loraldia bain ez da izan, baina urtero etorriko da loraldi berri bat, eta hori zaindu behar dugu. Munitibar bizirik mantentzeko, herria entzun, zaindu eta denon artean elkarlan proiektu hau bultzatzen jarraitu nahi dugu”.