Helmugak Bizipoza Jaiak ehunka lagun batu ditu Lea-Artibain elkartasunaren eta euskararen alde
Berriatua izan da asteburuko erdigunea, Bizipoza Elkartearen eta Helmugaken eskutik antolatutako hiru eguneko jai arrakastatsuan.
Helmugak Bizipoza jaiaren hasiera, atzo [maiatzak 22] Berriatuan.Helmugak Bizipoza Barikutik domekara [maiatzaren 22tik 24ra] ospatutako Helmugak Bizipoza Jaiak arrasto handia utzi du Lea-Artibai eskualdean. Bizipoza Elkarteak, Helmugak-ek, Aspanovasek eta Aspangoik antolatutako egitarauak ehunka lagun batu ditu egunero, euskararen, elkartasunaren eta inklusioaren aldeko mezu argiarekin.
Berriatua bihurtu da asteburuko topagune nagusia. Hiru egunez, herria kulturaz, musikaz, kirolaz eta aldarrikapenez bete da, eta herritarrek erantzun bikaina eman diete antolatutako jarduera guztiei. Antolatzaileek “oso balorazio positiboa” egin dute jaiaren inguruan, parte hartzea eta herriz herri jasotako harrera bereziki azpimarratuz.
Jaiari hasiera bero sargoriaren erdian eman zioten eguenean, herri kirolekin eta Galbaheren kontzertuarekin. Giro bero horretan abiatu zen Helmugak erronka ere: hainbat txirrindularik Lea-Artibai eskualdeari sei itzuli eman dizkiote, guztira 420 kilometro eta 8.500 metroko desnibela osatuz. Herri guztietan egin dituzte geldialdiak, udal bakoitzari oroigarri bana emanez, eskualde osoak jaiari erakutsitako babesa eskertzeko.
Ander Txakartegik, Helmugak proiektuko sortzailea, oso modu positiboan baloratu du erronka solidarioaren garapena, eta eskerrak eman dizkie herriz herri jasotako harreragatik. Bibitxa kolektiboaren laguntzarekin abiatu zen ekimenak elkartasuna eta komunitatearen indarra erakutsi ditu beste behin ere.
Domekako jardunaldia izan zen jaiaren unerik jendetsuena. Bizipoza Elkartea osatzen duten 39 elkarteetako ordezkari ugari bertaratu ziren, beren lana herritarrei gertutik erakusteko. Informazio-postuak, kalejirak, haur eta familientzako jolasak, Go!azeneko ikuskizuna, kontzertuak eta paella solidarioa izan ziren egun osoko egitarauaren ardatz nagusiak.
Leire Elizegik, Bizipoza Kultur Elkartearen izenean, gogorarazi du elkartearen helburu nagusia haur eta gazteen eskubideak erdigunean jartzea dela. Azaldu duenez, jaiak berriro ere aukera eman du “euskararen, elkartasunaren eta aldarrikapenaren bidetik” elkarte ezberdinen lana ikusarazteko.
Bizipoza Elkartea haur eta familien elkarteek osatzen dute, eta hainbat errealitate lantzen dituzte: gaixotasunak, heriotzaren pedagogia, aniztasun funtzionala, kulturartekotasuna, genero eta sexu aniztasuna edota familiartekotasuna. Elkartearen helburua da gai horiek gizarteratzea, sentsibilizatzea eta gizartean eragitea.
Asteburuko arrakastaren ostean, antolatzaileek argi utzi dute lanean jarraituko dutela Euskal Herri inklusiboago baten alde, “euskaratik eta euskaraz”.