Iban-Liher eta Remen-Baltza nagusi Amorotoko XXXIV. Pala Txapelketan
Giro bikainak eta frontoi beteak markatu dute Amorotoko Udabirra Festa eta pala txapelketako final handia.
Asteburu honetan amaitu da Amorotoko XXXIV. Pala Txapelketa, parte-hartze handiarekin eta giro apartarekin. Guztira 28 bikotek hartu dute parte aurtengo edizioan: zortzi bikotek lehen mailan eta hogei bikotek bigarren mailan. Final handiak zapatuan [maiatzak 23] jokatu ziren, Udabirra Festaren barruan antolatutako egitarauaren baitan.
Lehen mailako finalean, Ibanek eta Liherrek txapela eskuratu zuten Jonpu eta Epermendiren aurka 30-26 irabazita. Bigarren mailan, berriz, Remen eta Baltza izan ziren garaile, Iriondo eta Ormazabal mendean hartuta, markagailu berdinarekin: 30-26. Afizionatuen partidan, aldiz, Okamika-Arrizabalaga irabazi zuten, Albizu-Garmendiaren kontra, 22-19 tantorekin.

Txapelketak herriko eta eskualdeko pilotarien parte-hartze zabala izan du aurten ere. Lehen mailan lau palista amorotar aritu dira, eta bigarren mailan Ondarroako bi pilotari izan dira finalean, Bedaruko eta Ispasterreko ordezkarien aurka lehian.
Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute txapelketaren eta final egunaren inguruan. Goizetik hasi zen festa giroa, pintxo eta zerbitzuekin, eta arratsaldean frontoia izan zen protagonistetako bat. Lehenik bigarren mailako finala jokatu zen; ostean afizionatuen esku pilota partida hartu zuen kantxak, eta azkenik iritsi zen lehen mailako pala final handia.
Martxoan abiatu zen txapelketa, eta ordutik eguen eta barikuetan jokatu dituzte partidak Amorotoko frontoian. Antolatzaileen arabera, txapelketak “giro oso ona” sortu du herrian aste hauetan guztietan, eta finalerdietan zein finaletan ikusle ugari batu dira frontoira.
Kirol jardunaldiaren ostean, jai giroak jarraipena izan zuen herrian. Pintxoak, erromeria eta Kittu taldearen emanaldia izan ziren gauera arteko osagai nagusiak, eta herritar askok Udaberri Festaz gozatzen jarraitu zuten.
Txapelketaren amaierarekin batera, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete frontoira hurbildutako ikusle guztiei eta finalistetako bikoteak animatu dituztenei. Horrela, beste urte batez, Amorotoko pala txapelketak agur esan dio edizio arrakastatsu bati, datorren urtera arte.