Munitibartarrek adin txikiko bati egindako erasoa gaitzetsi eta kontzentrazioa deitu dute
Munitibarko herritarrek, udalak eta herriko hezkuntza komunitateak zapatuko [maiatzak 23] gertatutako erasoa salatu eta elkartasuna adierazi dute.
Munitibarko herritarrek eta udalak publikoki gaitzetsi dute joan den zapatuan [maiatzak 23], adin txikiko pertsona batek jasandako erasoa. Udalak zabaldutako oharrean, herritarrek adierazitako salaketa eta gaitzespenarekin bat egin duela adierazi du, biktimari elkartasuna helaraztearekin batera.
Udalaren esanetan, “herri eta espazio seguruak eraikitzea guztion ardura da”, eta beharrezkoa da “denon segurtasuna eta ongizatea erdigunean jartzea”.
Horrez gain, herritarrei dei egin diete bihar [maiatzak 27], eguaztena, 20:15ean herriko plazan egingo den kontzentrazioan parte hartzera. Mobilizazioaren helburua erasoa gaitzestea eta biktimarekiko elkartasuna modu bateratuan adieraztea izango da. Udalaren mezuak argi uzten du jarrera: “Erasorik ez!”.
Munitibar Eskolak ere gaitzespena adierazi du
Munitibar Eskolako irakasleek ere bat egin dute herritarrek adierazitako salaketa eta gaitzespenarekin. Zabaldutako oharrean, zapatuan [maiatzak 23] adin txikiko pertsona bati egindako erasoa salatu dute, eta biktimari elkartasuna helarazi diote.
Hezkuntza komunitateak azpimarratu du beharrezkoa dela ingurune seguru eta errespetuzkoak eraikitzen jarraitzea, bereziki haur eta gazteen ongizatea bermatzeko.
Biharko kontzentrazioan, herritarrak, udal ordezkariak eta hezkuntza komunitateko kideak elkartuko dira, edozein indarkeria motaren aurrean herriaren gaitzespena adierazteko.