Turtziozek hartuko du barikuan Bizkaiko Eskola Txikien Topaketa
Maiatzaren 29an batuko dira Bizkaiko Eskola Txikietako 450 haur. Hala, Enkanterrietan izango dira Amoroto, Ispaster, Aulesti, Munitibar, Berriatua eta Etxebarriko eskoletako ikasleak.
Bizkaiko Eskola Txikien Topaketa antolatu dute barikurako [maiatzak 29] hirugarren urtez. Herri txikietako eskolen bilkura Turtziozen izango da aurten, eta lau eta zortzi urte arteko 450 haur baino gehiago batuko dira bertan. Hala, “egun osoko jai eta elkarbizitza egitarau” handia antolatu du Turtziozko Eskolako Guraso Elkarteak, “landa-eremuko hezkuntza publikoa eta hurbila” sustatzeko helburuarekin. Bertan izango dira Lea-Artibaiko haurrak, Amoroto, Ispaster, Aulesti, Munitibar, Berriatua eta Etxebarriko eskoletatik joango direnak.
Turtziozko Eskolak adierazi duen bezala, barikuko topaketarako egun osoko egitarau “erakargarria” antolatu dute, goizetik arratsaldera arte, haurrek ekintzez gozatzeko eta elkarrekin saretzeko eguna izan dezaten. Goizean goizetik, euskal abereen azoka egongo da ikusgai, eta haurrek “gertutik ezagutu ahal izango dituzte bertako animaliak”. Jolasteko eta ondo pasatzeko momentua ere izango dute, “elkar ezagutzeko eta lagun berrian egiteko” helburuarekin antolatutako jolasen bidez.
Bazkalordurako, “giro hurbil eta polita” sortzeko eta jolasen ostean indarberritzeko asmoarekin bazkaria antolatu du Turtziozeko Eskolak. Gainera, jaiari amaiera emateko ikuskizun “berezia” antolatu dute. Hori amaitutakon, haur bakoitza bere herrira bueltatuko da aurrez antolatutako autobusetan.
“Landa eremuko ikastetxeen arteko loturak sendotzeko” helburuarekin antolatu dute Eskola Txikien Topaketa; beste urte batez, haurrei elkarrekin egoteko eta “errealitate bereko kideekin ondo pasatzeko aukera emanez”. Honetaz gain, “landa-eremuko eskolak bizirik daudela eta hezkuntzaren parte garrantzitsua dela ” adieraztea dute helburu.