Bertsolaritzaren harrobiaren plaza bihurtuko da Aulesti
Jon Abasolo munitibartarrak Bizkaiko Eskolarteko txapelketaren bat-bateko finala jokatuko du zapatuan [maiatzak 31].
Bizkaiko eskolarteko txapelketa apirilaren 27an hasi zuten Bilbon, eta Aulestiko frontoian jokatuko dituzte finalak, barikuan eta zapatuan [maiatzak 29 eta 30].
Barikuan, 18:00etatik aurrera lehiatuko dute Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoen idatzizko finala, eta ostean, gazteentzako bertso saioa edukiko dute. Zapatuan, berriz, 18 urtera artekoen idatzizkoen finala jokatuko dute 10:00etan hasita, eta 11:30etik aurrera izango da bat-bateko finala. Azken horretan egongo da Jon Abasolo Sarralde munitibartarra; berarekin batera ariko dira Eider Fernandez Aranburu eta Helene Yerga Bollegui bermeotarrak, Izaro Pagalday Aburto, Maddi Aurtenetxe Bustinza eta Naroa Iturrioz Lauzirika zornotzarrak, Amaiur Betanzos Caminos bilbotarra eta Iradi Barrenetxea Akesolo artearrak.
Lau kanporaketa jokatu dituzte; saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatu da, eta gainontzeko laurak puntuazioz. Iturriozek irabazi zuen maiatzaren 6an Igorren jokatutako laugarren eta azkenengo kanporaketa; Fernandez nagusitu zen hirugarrenean, Barrenetxea bigarrenean eta Betanzos lehenengoan.

Xabier Abasolo, Jon Abasolo eta Aner Goikoetxea munitibartarrek Muxikako kanporaketa lehiatu zuten.Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Euskal Herrikoa. Martxotik ekainera bitartean, herrialde guztietan jokatuko dituzte eskolartekoak, eta herrialde bakoitzetik sailkatutako gazteek Euskal Herriko finala jokatuko dute ekainaren 13an, Arantzan (Nafarroa).
Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatzen dituzte eskolarteko txapelketak, “gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera” emateko helburuarekin: “Gainera, harremanak egiteko, hurbilekoak bertsozaletzeko eta antolakuntza lanetan ardurak hartzen hasteko ere balio dute”.