Lekeitiok plaza berria izango du: Sareginak Plaza, emakume sareginei aitortza egiteko
Udalak eta herriko ikastetxeek sustatutako ekimenak emakume erreferenteen ikusgarritasuna indartu nahi du kale izendegiaren bidez.
Lekeitiok plaza berri bat izango du hemendik aurrera: Sareginak Plaza. Lekeitioko Udaleko Parekidetasun Arloak sustatutako ekimenaren bidez, herriko hiru ikastetxeek emakume erreferenteen aitortza eta ikusgarritasuna lantzeko proiektua garatu dute, “Beste Kaleak” izenpean. Helburua argia izan da: kale izendegian emakumeen presentzia urria dela erakustea eta horren inguruko hausnarketa sustatzea.
Proiektuaren baitan, ikasleek emakume erreferenteak identifikatzeko lanketa egin dute hainbat tresna erabiliz, besteak beste Wikiemakumeok, Ezkutuko Amandrea liburua eta GU be Itsasoa gara materiala. Prozesuaren amaieran, ikastetxe guztiek aho batez izen bera proposatu zuten: Sareginak.
Izen kolektibo hori aukeratu da Lekeition historian zehar aritu diren emakume sareginei aitortza egiteko. Izan ere, sareginen lana ezinbestekoa izan da arrantzaren eta itsas jardueraren garapenean, nahiz eta askotan ikusezina eta gutxi aitortua izan den. Emakume hauek arrantzarako tresnak eta sareak egiten eta mantentzen jardun dute belaunaldiz belaunaldi, baldintza gogorretan eta sarritan aitortzarik gabe.
Sareginak Plaza Paskual Abaroa Etorbidearen eta Letraukuaren artean eraiki diren etxebizitza berrien arteko plazan kokatuko da. Bertako hiru atariek Sareginak Plaza 1, 2 eta 3 helbideak izango dituzte. Erabakia pasaden barikuan [maiatzak 22] egindako Osoko Bilkuran onartu zen, ikastetxeetako ordezkarien, sareginen eta udal ordezkarien babesarekin.
Gainera, plaza berriaren inguruan udalaren aisialdi inklusibo, parekide, euskaldun eta hezitzailea sustatzeko gune berria ere kokatuko da. Eremu horren ondoan dago Andraetxea ere; horregatik, udalaren arabera, gune honek indar sinboliko eta sozial handia izango du herriarentzat.
Bestalde, Andraetxearen ondoko eskaileren azpian gaur egun ere mantentzen den latsarriari lotuta, beste aitortza bat ere egingo da. Eremu horrek “Latsarien” izena hartuko du, historian zehar ezkutuan geratu diren beste emakume kolektibo baten memoria berreskuratzeko helburuarekin.