Lekeitiok Udal Hezkuntza Kontseilua sortuko du herri hezitzailearen aldeko beste urrats batean
Udalak, ikastetxeek, familiek eta herriko eragileek elkarrekin diseinatuko dute hezkuntza komunitarioaren etorkizuna.
Lekeitioko Udalak Udal Hezkuntza Kontseilua martxan jarriko du datorren ikasturtetik aurrera, herriko hezkuntza komunitatea indartzeko eta herri hezitzailearen ereduan sakontzeko helburuarekin. Ekimenaren berri eman du Igotz Espejak, Hezkuntza batzordeko buruak, urtebetez Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako prozesuaren ostean.
Kontseilu berria hezkuntza legean eta haur eta nerabeen ongizateari buruzko araudian oinarrituta sortuko da. Horren bidez, Lekeitiok hezkuntza formaletik harago doan ikuspegia landu nahi du, aisialdia, herriko ekintzak eta komunitate harremanak ere hezkuntzaren parte direla ulertuta.
Azken urtean zehar, Lekeitiok ikerketa proiektu batean parte hartu du beste hainbat herrirekin batera, tartean Leioa, Sopela, Durango eta Galdakaorekin. Prozesu horretan, herriko eskola komunitateko eragile ezberdinek hartu dute parte: ikastetxeetako zuzendaritzek, guraso elkarteek, Altzaburua taldeko kideek eta beste hainbat herri eragilek.

Egindako bileretan, herriko hezkuntza egoeraren diagnostikoa landu da eta etorkizunerako erronkak identifikatu dira. Horren emaitza izango da komunitate mailako hezkuntza proiektu berria, oraindik azken txostena idazten ari bada ere.
Igotz Espejaren hitzetan, proiektuaren helburua “komunitatea sortzea eta harremanak sendotzea” da. Horretarako, hezkuntza formaletik kanpo dauden hutsuneei erreparatu diete bereziki. Diagnostikoan ikusi dute badirela adin tarte batzuk eskaintza publiko egokirik gabe geratzen direnak.
Adibidez, haur-hezkuntzako umeek ez dute aisialdi edo hezkuntza eskaintza publikorik igeriketa ikastaroetatik harago. Era berean, DBH adineko gazte askok ere ez dute kiroletik haragoko eskaintza egituraturik herrian. Udalaren asmoa da hutsune horiek identifikatzea eta adin tarte guztiak kontuan hartuko dituen eskaintza komunitario berri bat diseinatzea.
Hezkuntza Kontseiluak, gainera, aisialdiaren inguruko hausnarketa berria ere sustatu nahi du, hezkuntza komunitarioaren ikuspegitik. Udalaren ustez, eskolatik kanpo egiten diren jarduerek eta komunitatean parte hartzeko aukerek eragin zuzena dute haur eta gazteen garapenean eta ongizatean.
Lekeitioko Udalak nabarmendu du ekimen hau herri hezitzailearen bidean emandako beste pauso bat dela, hezkuntza komunitate osoaren arteko elkarlana eta parte-hartzea oinarri hartuta.