Maddi Ane Txoperenak 'Zaldi bat' liburua aurkeztuko du Mutrikun
Maddi Ane Txoperena Iribarrenek 'Zaldi bat' eleberria aurkeztuko du bihar [maiatzak 28], 18:30ean, Mutrikuko EMA gunean.
Maddi Ane Txoperena Iribarrenek Zaldi bat liburua aurkeztuko du bihar [maiatzak 28], 18:30ean, Mutrikuko EMA gunean. Txoperenaren hirugarren eleberria da aurkeztuko duena, Ene baitan bizi da kaleratu zuen 2020an, eta Ez erran inori 2022an. Orain, Zaldi bat eleberriarekin dator hendaiarra, Txalaparta argitaletxearekin bidea eginda.
Beste hainbat gairen artean, amatasuna, adiskidetasuna, bikote harremanak, heriotzak eta doluak dira Txoperenak eleberri honetan jorratzen dituen gaiak. Miren da eleberriko protagonista, 30 urte inguruko emakume bat. Sei hilabeteko ume bat dauka Mirenek, eta hortik askatzeko helburuarekin mendira joaten hasten da. Mendira joaten den aldi horretako batean zaldi bat aurkitzen du Mirenek, eta nolabaiteko harremana sortzen du berarekin. Zaldiak, duela bost urte hildako Unai laguna gogorarazten dio. Bera ere bada protagonistetako bat baina beti ere Mirenen oroitzapenetatik. Horrez gain, zaldiak berak ere hartzen du erdigunean istorioan. Txoperenaren hitzetan, istorio guztia geratzen den herria, Lesaka, ere bada protagonistetako bat; izan ere, herriak berak presentzia handia du liburuan.