Ondarroako Udalak eta herriko eragileek Arrigorri hondartzan hainbat adin txikikok jasandako erasoa salatu dute
Astelehenean lau adin txikikok jasandako erasoa salatu dute Ondarroako Udalak, Diarrotsa Gazte Feminista taldeak, Mugimendu Feministak eta Itaiak.
Astelehenean [maiatzak 25] 33 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Ondarroan, adin txikikoen aurrean exhibizionismoa egitea leporatuta. Izan ere, bertan zegoen lekuko batek Ertzaintzari azaldu zionez, bere genitalak ukitzen zituen bitartean Arrigorri hondartzan dutxatzen ari ziren adin txikiko lau neskei telefono mugikorraz argazkiak atera zizkien. Honen aurrean, Ondarroako Udalak, Diarrotsa Gazte Feminista taldeak, Mugimendu Feministak eta Itaiak adin txikikoek jasandako erasoa salatu dute.
Ondarroako Udalak “irmoki” salatu du asteleheneko gertakaria, eta konfidentzialtasuna mantentzeko eskatu die herritarrei: “Ondarroako Udalarentzat erasoa jasan duten nerabeak babestea. Horretarako, ezinbestekoa da inplikatutakoen konfidentzialtasuna bermatzea eta zurrumurruak ekiditea. Beraz, arduraz eta errespetuz jokatzeko deia egiten dizuegu herritarroi”. Horrez gain, eraso matxistarik gabeko herri baten alde lanean jarraituko dutela azpimarratu dute udaletik: “Gure konpromisoa berresten dugu indarkeria matxistaren kontrako borrokan”.
Bestalde, Diarrotsa Gazte Feminista taldeak elkartasuna helarazi die erasoa jasan duten gazteei, eta kaso isolatu bat izatetik urruti dagoela azpimarratu dute: “Astelehenean hondartzan gertatutakoa ez da kasu isolatu bat, ezta salbuespen edo pertsona baten jokabide indibidua sinple bat ere. Sistema zisheteropatriarkalak gure gorputzen gainean ezartzen duen kontrolaren eta indarkeria sexualaren adierazpen zuzena da”. Horrez gain, azaldu dute, gertatutakoa ezin dela “gertakari normal gisa” definitu: “Espazio publikoak ez dira seguruak neska, emakume, trans, bollera eta gorputz disidenteentzat. Gertatutakoa ezin dugu onartu, ezta ere normaltzat hartu”. Hala, argi utzi dute erasoen aurrean “antolakuntza transfeminista” eta “autodefentsa kolektiboa” indartzen jarraituko dutela: “Ez gara ixilik geldituko”.