Bigarren Psikoblock Txapelketa antolatu du Arbide Eskalada Taldeak
Ondarroako Arbide Eskalada taldeak bigarren Psikoblock Txapelketa antolatu du zapaturako [maiatzak 30].
Arbide Eskalada Taldeak bigarren Psikoblock Txapelketa antolatu du zapaturako [maiatzak 30]. Gainera, txapelketa soilik ez, eta egun guztiko egitaraua antolatu dute, 11:00etan hasi eta gauera arte. Psikoblock txapelketa bazkalostean egingo dute, 16:00etan, marea goian dagoela aprobetxatuta.
11:00etan Latxanbre Enparantzan egongo diren umeen jolasekin emango diote hasiera egunari, eta ondoren, 14:00etan, bazkaria egongo da. Izena emateko 667 23 49 45 telefono zenbakira idatzi edo deitu beharko da. “Momentuz 50 lagunek eman dute izena bazkarirako, baina egunera arte aukera egongo da bazkarira joateko. Izan ere, gutxi gorabehera 90 lagunentzako egingo dugu janaria”.
16:00etan emango diote hasiera psikoblock txapelketari, eta izena emateko galdetegi bat zabaldu du eskalada taldeak. Izena eman ondoren galdetegian dagoen kontu korrontera 12 euroko transferentzia egin beharko da, eta gero, arbideskalada@gmail.com helbidera ziurtagiria bidali beharko du izena ematen duenak. Taldetik zehaztu dutenez, momentuz 25 lagunek eman dute izena, baina zapatura arte egongo da aukera parte hartzeko: “Jende asko animatzen dela ikusten badugu muga jarriko dugu, asko ez luzatzeko”.
Psikoblock txapelketa amaitu ondoren, egitarauak jarraituko duela jakinarazi dute antolatzaileek. Hala, 22:00etan emango diote hasiera kontzertuei, gaztetxean. Herriko eta eskualdeko taldeak igoko dira oholtzara zapatu gauean: Hondora, Zerotan eta Jake Mate. Arbide Eskalada Taldetik bertaratzeko deia egin die herritarrei: “Egun guztian txosna eta musika egongo da; giro ona ez da faltako! Animatu denok!”.