Bizkaiko Traineru Txapelketa hartuko du Lekeitiok
10:30ean hasiko da Bizkaiko traineruen lehia.
Bizkaiko arraunlariek domekan [maiatzak 31] izango dute hurrengo hitzordua; izan ere, beste urte batez Lekeitioko uretan lehiatuko da Bizkaiko Traineru Txapelketa, 10:30ean.
Hala, bi kategoria ariko dira lehian domekan: beteranoak eta absolutuak. Beteranoak 2.778 metroko distantzian ibiliko dira, eta bi txanda egingo dituzte. Lehenengo, Bilbo Tigreak eta Itsasoko Amaren txanda izango da, eta ondoren, Getxo, Iberia, Mundaka eta Plentzia aterako dira itsasora.
Absolutuetan, emakumezkoek 2.778 metroko distantzia egingo dute, eta hauek ere, bi txandatan banatuko dira. Lehenengo Portugalete eta Isuntza, eta ondoren, Deusto, Kaiku eta Ondarroa. Bestalde, gizonezkoak hiru tandatan aterako dira itsasora, eta 5.556 metrotan ibiliko dira. Lehenengo, Portugalete, Elantxobe eta Lutxanaren txanda izango da, gero, Arkote, Deusto, Itsasoko Ama eta Kaikurena, eta azkenik, Bermeo, Zierbena, Isuntza eta Ondarroarena.