Isuntza eta Arrigorri hondatzek Igeribideak programa hartuko dute
Bizkaiko Foru Aldundiak Igeribidea programa jarri du martxan. Itsasoan igeriketa segurua sustatzea da zirkuituaren helburua, eta Lekeitioko Isuntza eta Ondarroako Arrigorri hondartzan egingo dituzte jarduerak.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Sailak Igeribideak programa antolatu du. Programaren helburua aisialdiko igeriketa osasungarria eta segurua sustatzea da, eta “autonomiaz, segurtasunez eta ingurumenarekiko errespetuz gozatzeko” pentsatutako jarduerak izango dira. Hala, Lekeitioko Isuntzan eta Ondarroako Arrigorrin egingo dira ekintzak. Ondarroan, ekainaren 7an [domeka] egingo da, eta Lekeition, berriz, ekainaren 14an [domeka].
Getxoko Areetan eta Ereagan, Mundakako Laidatxun eta Gorlizko Astondon egingo dituzte jarduerak, ekainetik uztailera bitartean. Aipatutako lekuetan gune “bereziak” prestatu dituzte itsasoan igeri egiteko, eta, zailtasunaren arabera, hiru maila izango dituzte: urrea, zilarra eta brontzea. Horregatik, hondartzak aukeratzeko orduan sei irizpide zehaztu dituzte: irisgarritasuna, igeri egiteko espaziorako irisgarritasuna, ekipamenduak, igeri egiteko ibilbidea, segurtasuna eta tokiko parte hartzea.
Igeribideak programan parte hartzeko izena eman beharko da aurretiaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean. Bi jarduera egongo dira aukeran: masterclass teknikoak eta 2. igeribideak zirkuitua. Lehenengoak, itsasoan egokitutako igeriketa lantzeko saio gidatuak eskaintzen ditu, eta teknikari espezializatuek zuzendutako jarduera da. Helburua, itsasoan gozatzea eta natura ingurunean jarduera fisikoa modu osasungarrian sustatzea da. Oinarrizko igeriketa maila izatea beharrezkoa da, eta 12 urtetik beherakoek tutorearen baimena eraman beharko dute sinatuta. Horretarako dokumentua ere webgunean bertan aurkitu daiteke. Igeriketa teknikak lantzeko hitzaldi teorikoa eta praktikoa eskaintzen ditu saioak, baita lurreko ariketak, uretako teknika hobetzeko ariketak, eta uretako praktika ere. Ordubeteko iraupena dauka, eta plaza kopurua mugatua da -30 plaza-. Hala, posta elektronikoz egiaztatu beharko da plaza. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, derrigorrez eraman beharreko materiala igeriketa txanoa, toalla, eguzkitako krema, igeriketa betaurrekoak eta ur botila berrerabilgarria izango dira. Neoprenozko jantzia, igeriketa buia edo poltsa lehorra eta belarrietako tapoiak aukeran eraman daitezke, eta debekatuta dago hegatsak eramatea.
Bestalde, igeribideak zirkuitua 14 urtetik gorakoentzako izango da. Tarteko maila eduki beharko dute parte hartzaileek; hau da, esperientzia gehiago beharko da. Adin txikikoen kasuan tutoreen baimena sinatuta eraman beharko da.