Jaione Murelaga gogoratzeko omenaldi zikloa antolatu dute Lekeition
Lekeitioko lehen emakume alkatearen heriotzaren 20. urteurrenean hitzaldiak eta omenaldi ekitaldia egingo dituzte astelehenean [ekainak 1].
EH Bilduk Jaione Murelaga Izagirre Lekeitioko alkate ohia gogoratzeko omenaldi zikloa aurkeztu du. Aurten 20 urte beteko dira Lekeitioko lehen emakume alkatea zendu zenetik, eta haren ibilbide politiko eta herrigilea aitortzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte ekainean zehar.
Jaione Murelaga Izagirre (Lekeitio, 1959ko uztailaren 1a – Arrasate, 2006ko ekainaren 7a) Lekeitioko lehen emakume alkatea izan zen. Gaztetatik herrigintzari eta politikagintzari lotuta egon zen, lehenik zinegotzi eta ondoren alkate moduan. Bere agintaldian, besteak beste, Lekeitio UEMAn sartzea sustatu zuen, Irisgarritasun Plana abiatu zuen eta arrantza sektorearen gainbeherari aurre egiteko Garapen Agentzia eta Behargintza bultzatu zituen, bere taldearekin batera.
EH Bildutik azaldu dutenez, omenaldi zikloaren helburua “Jaioneren eta Piliren memoria bizirik mantentzea eta egin zuten lana aitortzea” da. Izan ere, aurten Jaioneren bikotekidea izan zen Pili Roblesen heriotzaren urteurrena ere gogoratuko dute.
Lehen hitzaldia astelehenan [ekainak 1] izango da,“Gaurtik geroko Lekeitio” izenburuarekin. Ander Aldazabal Etxebarria alkateak eta Zuriñe Gojenola Goitia alkateordeak herriaren etorkizuneko erronkez jardungo dute Azkue aretoan, 19:00etan.
Bigarren hitzaldia egunean [ekainak 4] egingo dute, “Emakumeak politikan, Jaione eta Pili gogoan” izenburupean. Kontzijopean aretoan egingo da, udal langileen grebagatik, 19:00etan. Bertan parte hartuko dute Gema Mendieta Zelaiak, Aulestiko alkate ohiak; Maria Eugenia Goitia Elordik, ANV zerrenda burua ; eta Maitane Larrauri Frailek, Lekeitioko alkate izandakoak. Solasaldian emakumeek instituzioetan izan dituzten erronkak, ahalduntze prozesuak eta Murelaga zein Roblesekin bizi izandako esperientziak landuko dituzte.
Omenaldi nagusia hurrengo domekan [ekainak 7] izango da, Jaione Murelagaren heriotzaren urteurren egunean bertan. 09:00etan Talaian elkartuko dira mendi martxa egiteko eta lore eskaintza egingo diete Murelagari eta Roblesi. Ondoren, 12:30ean, “Jaione eta Pili gogoan” ekitaldia egingo dute Jaioneren Txokoan, Guzurmendi inguruan.
Antolatzaileen esanetan, omenaldi hauek “euren lana eta herriaren alde egin zuten ekarpena ez ahazteko” balioko dute. “Beste Lekeitio baten alde lan egin zuten, eta gaur egun ere euren arrastoa bizirik dago”, adierazi dute.