Mutrikuko XII. Sprint Triatloia eta kadeteentzako II. Triatloia lehiatuko dira zapatuan
175 lagunek parte hartuko dute Mutrikuko XII. Sprint Triatloian, eta 16 lagunek kadeteen II. Triatloian.
Talaixa Triatloi Klubak eta Mutrikuko Udalak antolatuta, Mutrikuko XII. Sprint Triatloia, eta Kadeteen II. Triatloia lehiatuko dira zapatuan [maiatzak 30], 16:10ean hasita. Lehenengoak, 175 parte hartzaile izango ditu, eta bigarrenak, berriz, 16.
Mutrikuko hondartzan batuko dira zapatuan triatletak, eta hiru proba egin beharko dituzte: igeriketa 750 metro, bizikleta 18,500 metro, eta korrika 5.000 metro. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, beharrezkoa izango da bizikletako ibilbidean kaskoa eramatea, eta errepideko bizikletarekin soilik parte hartu ahal izango da. Horrez gain, bizikleta egoera onean dagoela erakutsi beharko da.
Mutrikuko igerileku naturalera sartzeko arrapalatik aterako dira triatletak 16:10ean hasita. Lehenengo gizonezkoak 16:10ean, ondoren, emakumezkoak 16:15ean, eta azkenik, federatu gabeak 16:20an. Boxak Mutrikuko hondartzako kantina dagoen lekuan egongo dira.
Dortsalak probaren egunean jaso ahal izango dira, boxen ondoan. Hala ere, proba hasi baino 30 minutu lehenago amaituko da dortsalak hartzeko tartea. Antolatzaileek azaldu dutenez, igeriketa proban ezingo da dortsalik jarri, eta bizikletakoan gorputzaren atzealdean jarri beharko da. Korrikako proban, berriz, gorputzaren aurreko aldean eraman beharko dute parte hartzaileek. Horrez gain, zehaztu dutenez, debekatuta egongo da eta kanporatzeko arrazoia izan daiteke kontrako noranzkoko bidean sartzea.
Sariei dagokionez, lehenengo hiru absolutuei, eta kategoria bakoitzeko irabazleari trofeoak emango zaizkie -junior, 23 urtez azpikoak eta beteranoak-, gizonezkoei zein emakumezkoei. Gainerako parte hartzaileen artean opari ezberdinak zozkatuko dira.