Nekazaritza ekologikoan hasi nahi dutenentzat aukera berria Lea-Artibain
Lea-Artibain ortugintzako ustiategi berria martxan: ekintzaile baten bila dabil Haztegia proiektua. Izena emateko epea ekainaren 26ra arte egongo da zabalik
Lea-Artibain ortugintzara bideratutako ustiategi berria jarriko dute martxan, nekazaritza ekologikoko proiektua abiatu nahi duten pertsonentzat aukera berria eskainiz. Haztegia Lea-Artibai egitasmoaren barruan kokatzen den ekimen honek beharrezko azpiegitura, tresneria eta laguntza eskainiko ditu, parte-hartzaileak bere ortugintza proiektua inbertsio handirik egin gabe garatu ahal izan dezan.
Nekazaritzako test gunea ekintzailetza programa modura ulertzen da, norbere ustiategia behin betiko martxan jarri aurreko pausua izanik. Programaren helburua lehen sektorea eta elikadura burujabetza indartzea da eskualdean, nekazaritza ekimen berriak sustatuz.
Haztegia Lea-Artibai proiektua Lea Artibaiko Landagarapen alkarteak sustatzen du, eskualdeko udalen laguntzarekin. Ustiategia Ispaster eta Lekeitio artean kokatuko da, Eluntzeta – Maderas de Lekeitioko lurretan.
Programak bi urteko iraupena izango du eta urrian hasiko da. Hautatutako pertsonak kanpoko ortua, 1.000 metro koadroko negutegiak, makineria, lan-tresnak eta biltegia izango ditu eskura. Horrez gain, aholkularitza eta formazioa ere jasoko ditu proiektua garatzeko.
Ekimen hau nekazaritza proiektu bati ekin nahi dioten eta ekoizpen ekologikoko praktiketan sakondu nahi duten pertsona guztiei zuzenduta dago. Interesa dutenek ekainaren 26ra arte bidali ahal izango dute curriculuma honako helbide elektronikora: kaixo@landagarapenaleaartibai.eus.
Programan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da nekazaritza-sektorean enpresa garatzeko interesa izatea eta gidabaimena edukitzea. Hautaketa prozesuan bereziki baloratuko dira nekazaritzako lanetan edo ikasketetan esperientzia duten pertsonak, Lea-Artibai eskualdean bizi direnak, taldean aurkezten diren ekimenak, gazteak, emakumeak eta euskararen ezagutza duten hautagaiak.
Haztegia Lea-Artibai proiektuak aukera paregabea eskaini nahi die lehen sektorean etorkizuna eraiki nahi duten ekintzaileei, eskualdeko nekazaritza eta tokiko ekoizpena indartzeko helburuarekin.