Burrundada Egunak giro bikaina eta parte-hartze handia batu ditu
Musikaia Udal Musika Eskolako ikasleek eman zioten hasiera rock jaialdiari, eta antolatzaileak zein parte-hartzaileak oso pozik agertu dira egunaren balorazioarekin.
Lekeitiok rock musikaren festa handi bihurtu zen joan den zapatuan [maiatzak 30] ospatutako Burrundada Egunaren bosgarren edizioan. Egun osoko egitarauak ehunka musikazale batu zituen herrian, eta antolatzaileek aurreikusitako giro ona bete-betean gauzatu zen goizetik gauera arte.
Jardunaldia Nautika aurrean hasi zen, Musikaia Udal Musika Eskolaren eskutik. Gazteen rock konboak eta eskolako hainbat espezialitatetako ikasleek kontzertua eskaini zuten, rock doinuekin eguna martxan jarriz. Ondoren, Dr. Palauer talde lekeitiarrak hartu zuen lekukoa.
Musikaia Udal Musika Eskolatik egindako balorazioa oso positiboa izan da. Azaldu dutenez, emanaldia “oso ondo” joan zen, 50 minutu inguruko kontzertu arina eta fluidoa eskainiz. Gainera, eguraldia lagungarri izan zela nabarmendu dute: nahiz eta zerua lainotuta egon, jotzeko baldintza ezin hobeak izan ziren.

Eskolako arduradunen esanetan, publikoaren erantzuna ere bikaina izan zen, eta giro ederra sortu zen kontzertu osoan zehar. Ikasleak gustura aritu ziren oholtzan, eta ikusleen aldetik jasotako harrerak pozik utzi zituen parte-hartzaile guztiak.
Aurten, gainera, hainbat berritasun izan dira Musikaia Musika Eskolaren emanaldian. Rock taldeaz gain, beste espezialitate batzuk ere batu ziren ekitaldira, besteak beste saxofoia, ahotsa eta bateria, ikuskizunari aniztasun handiagoa emanez.
“Lanarekin, giroarekin eta sortu zen ambientearekin oso pozik gelditu gara. Ikasleak ere gustura ibili dira eta esperientzia zoragarria izan da”, adierazi dute Musikaia Udal Musika Eskolatik.

Goizeko saioaren ostean, Burrundada Egunak arratsaldean eta gauean jarraitu zuen Gaztetxeko kontzertuekin eta Kontzijope Rock ekitaldiarekin. Tunantiak, Hortzak, ETZ eta Mitosia taldeek osatu zuten kartela, rock, metal eta thrashcore doinuekin jaialdiari amaiera indartsua emanez.