Lekeitioko Udalak aparkalekuen sententzia errekurrituko du eta inguruko herrietako txartel berdeak berriz banatuko ditu
Udalak egungo aparkaleku sistema defendatu du, herriarentzat bidezkoa eta eraginkorra dela iritzita, eta uda honetan iazko araudia mantenduko dela baieztatu du.
Lekeitioko Udalak jakinarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aparkalekuen ordenantzaren inguruan emandako sententziaren aurrean errekurtsoa aurkeztuko duela. Errekurtsoa aurkezteko epea ekainaren 24ra arte zabalik dagoenez, udalak indarrean dagoen udal-ordenantza aplikatzen jarraituko du eta, ondorioz, uda honetan ere iazko aparkaleku sistema mantenduko da.
Udalak azaldu duenez, beste aldeak ere errekurtsoa aurkez dezakeela aurreikusten da, eta horrek gaur egungo sistema arriskuan jar lezake. Hori dela eta, udalak bere errekurtsoa aurkeztea erabaki du, alde batetik sor daitekeen ziurgabetasun juridikoari aurre egiteko, eta bestetik, egungo aparkaleku eredua herriarentzat justua eta egokia dela defendatzeko.
Erabaki horren ondorioz, inguruko herrietako biztanleek aurten ere Lekeitioko gune berdeetan aparkatzeko aukera izango dute. Horretarako, inguruko udalerrietako erabiltzaileentzako txartel berdeak eguneratzeko eta banatzeko prozesua martxan jarriko da datozen asteetan.
Udalaren arabera, iazko esperientziak emaitza positiboak utzi zituen. Besteak beste, herrigunean trafikoa gutxitzea, zarata murriztea eta herritarren nahiz bisitarien mugikortasuna hobeto antolatzea lortu zen. Gainera, sistemak aukera eman zuen Lekeition aparkatzen zuten erabiltzaile guztiek, erroldatuta egon edo ez, herrigunetik hamar minutura gehienez aparkatzeko.
Lekeitioko Udalak bereziki nabarmendu du inguruko herrietako biztanleek herriaren bizitasunerako duten garrantzia. Udalaren esanetan, eskualdeko herritarrak ezinbestekoak dira urte osoan zehar herriko merkataritza, ostalaritza eta kale bizitza mantentzeko, bereziki neguko hilabeteetan jarduera ekonomikoa zailagoa denean.
Era berean, udal arduradunek gogorarazi dute Lekeitiok eskaintzen dituen oinarrizko zerbitzuak indartsu mantentzeko ere garrantzitsua dela inguruko herrietako herritarren presentzia. Horregatik, elkarren arteko dependentzia positiboa azpimarratu dute: “Haiek behar gaituzten moduan, guk ere behar ditugu haiek”.
Amaitzeko, udalak berretsi du aparkaleku sistemaren helburua beti izan dela herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta Lekeitiorentzat etorkizun iraunkor eta duina bermatzea. Ildo horretan lanean jarraituko duela adierazi du, “Lekeitio hobe baten alde”.