Pello Segurolak irabazi du Berriatuko I. Artzai Txakurren Lehiaketa
Zubialdeko Zelaiak artzain eta txakur onenak bildu zituen lehen edizio arrakastatsuan.
Joan den domekan [maiatzak 31] ospatu zen Berriatuan I. Artzai Txakurren Lehiaketa, Zubialdeko Zelaian. 12:00etan hasi zen ekitaldia, eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako sei artzain eta euren txakurrek parte hartu zuten.
Lehia estuaren ondoren, Pello Segurola izan zen garailea, Matxinbentatik etorrita, bere Yak txakurrarekin. Bikoteak “lan bikaina” egin zuen ardiekin eta epaileen puntuaziorik onena eskuratu zuen.
Lehiaketan honako parte-hartzaileek ere jardun zuten: Igor Elordi (Bariñaga) eta Lagun, Inaxio Irakulis (Etxano) eta Beltx, Xabier Gastañaga (Antzuola) eta Cool, J. Ramon Azkargorta (Galdakao) eta Bat, eta Mikel Pagazartundua (Lemoa) eta Lay.
Epaimahaia Mikel Garatek eta Bittor Bengoetxeak osatu zuten. Haien ardura izan zen txakurren gidaritza, obedientzia eta artaldearekin egindako lana baloratzea.
Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute lehen edizio honen inguruan. Parte-hartzaileen maila eta ikusleen erantzuna nabarmendu dituzte, eta ekitaldiak izan duen harrera ona azpimarratu dute. Antolakuntzatik adierazi dutenez, “Oso ondo joan da ekimena”.