36. Kale Arteen Jaialdirako boluntario bila dabil Kaleka
Kalekaren boluntario programak antolakuntza esperientzia, prestakuntza berezia eta artistekin zein publikoagaz harremana edukitzeko aukera eskainiko du uztailaren 3tik 5era bitartean.
'Inertie' ikuskizuna. Argazkia: Gorka Bravo. Kaleka Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiak boluntario programa berria jarri du martxan, eta parte-hartzaile berrien bila dabil aurtengo 36. ekitaldiari begira. Izena emateko epea ekainaren 14ra arte egongo da zabalik.
Boluntario programak jaialdia barrutik ezagutzeko eta esperientzia profesionala eskuratzeko “aukera paregabea” emango du. Parte hartzaileek koordinazio lanetan lagundu ahal izango dute, herriko jendea ezagutu, bisitan datozen artistekin harremanak sortu eta kultura ekitaldi handi baten antolaketan aritu.
Horrez gain, boluntarioek Ikuslearen Hiztegia formakuntza tailer berezia jasoko dute. Tailer horren bidez, kaleko arteen ikuskizunak hobeto ulertzeko eta gehiago gozatzeko tresnak eta hiztegia landuko dituzte.
Boluntario programa uztailaren 3tik 5era egingo da, Kalekaren 36. ekitaldiagaz batera. Egun horietan, parte hartzaileek hainbat zeregin izango dituzte: gonbidatutako konpainiei laguntza ematea, espazioen prestaketan eta muntaketan parte hartzea, materialen zaintza, ekintzen garapenean laguntzea eta ikuskizunen segurtasuna bermatzen laguntzea. Era berean, publikoaren harrera eta kudeaketa lanetan ariko dira, baita jaialdiari buruzko informazioa eskaintzen ere.
Kalekako antolatzaileek 18 urtetik gorako eta parte hartzeko gogoa duten herritarrak animatu dituzte ekimenagaz bat egitera.