Hizlarien "prestutasuna eta konpromisoa" azpimarratu dute Zientzia eta Teknologia astean
Ondarroa BHI institutuak antolatutako 6. Zientzia eta Teknologia hasteari amaiera eman diote. Antolatzaileek balorazio "positiboa" egin dute.
Zientzia eta Teknologia astearen 6. aldia antolatu zuen Ondarroa BHIk aurreko astean: maiatzaren 26tik 29ra arte. Hala, antolatzaileek astearen balorazio “positiboa” egin dute, eta hizlarien prestutasuna eta konpromisoa azpimarratu dute: “Guztiek modu guztiz altruistan parte hartu zuten ekimenean, gazteen artean zientziarekiko, teknologiarekiko eta ezagutzarekiko grina pizteko helburuagaz”. Bakoitzak bere bizipenetatik hitz egin zuen, euren esperientzia, jakintza eta denbora ikasleen esku jarriz: “Balio handiko ekarpena izan zen, baita, ekimenaren arrakastaren oinarrietako bat ere”.
Astelehenean [maiatzak 25] Herri kirolak eta teknologia izenburupean, Unai Osa eta Mikel Agirrek herri kirolen erakustaldia eskaini zuten: aizkora, harri jasotzea, trontza eta lasto jaurtiketa. Gainera, ikasleek ere hainbat probatan parte hartu zuten: “Saioa oso aberasgarria izan zen. Izan ere, herri kirolak eta teknologia modu interesgarrian uztartu zituzten, modalitate bakoitzaren inguruko azalpen argi eta oso zehatzak eskainiz”.
Martitzenean [maiatzak 26] Ainhoa Plaza Zabala biomedikuntza doktoreak Garuna lanean, pentsamendua kantuan hitzaldia eskaini zuen, garuna nola sortu zen, nola funtzionatzen duen eta pentsamenduak, hizkuntza, emozioak eta erabakiak nola kontrolatzen diren azalduz. Gainera, amaieran, Iñigo Arrizabalaga Alberdi bertsolariaren adibideaz baliatu zen Plaza, garunaren sare konplexuak nola koordinatzen diren denbora errealean erakutsiz.
Eguaztenean [maiatzak 27] Erlojuaren orratzak larrialdietan hitzaldiaren txanda izan zen. Bertan, Leire Egiguren Urrosolo familia eta larrialdietako medikuak, larrialdi zerbitzuetan denborak duen garrantziaz jardun zuen.
Eguenean [maiatzak 28] Xabi Navarro Etxeberria soinu teknikariak 1857an Scott de Martinvillek asmatutako fonoautografoaren lehen urratsak azaldu zituen, eta gaur egungo edizio digitaleraino egindako bilakaeran ere jarri zuen begirada. “Era berean, 1963an kaseteek ekarri zuten iraultza eta soinu estudio modernoetan Pro Tools eta Audacity bezalako programak nagusitu diren arteko bidea ezagutu genuen, teknologia honek soinuaren kontserbazioa eta edizioa nola eraldatu duen hobeto ulertzeko”.
Barikuan [maiatzak 29] eman zioten amaiera Zientzia eta Teknologia asteari. Naiara Azpiri Zenarruzabeitiak eta Jorge Parga Villapandok aplikazio baten atzean dagoen mundua erakutsi zien ikasleei: “Egunero erabiltzen ditugun tresnak, hala nola WhatsApp, Tik Tok, Spotify edo Instagram, nola sortzen diren azaldu ziguten, hasierako ideiatik hasi era erabiltzaileen eskuetara iritsi arte egiten duten ibilbide osoa erakutsiz”.