Sormenaldiak Lekeitio eta Markina-Xemein batuko ditu euskal kulturaren olatu berrian
Loraldiak antolatutako Sormenaldia 2026 ekainaren 24tik uztailaren 3ra egingo da, musika, literatura, bertsolaritza, antzerkia, zinema, performancea eta dantza uztartuko dituen sei eguneko programazioarekin.
Loraldiak antolatutako Sormenaldiak urrats berria emango du aurten, Lekeition azken lau urteetan egin izan den Sormen Astea handituz eta Markina-Xemein egitasmora gehituz. Horrela, bi herrik hartuko dute euskal kulturaren adierazpide garaikideen erakusleiho izango den jaialdia: Lekeitiok ekainaren 24tik 26ra hartuko du lehen zatia, eta Markina-Xemeinek uztailaren 1etik 3ra jasoko du lekukoa.
Loraldia Plaza programaren baitan kokatzen den ekimenak euskal kulturaren transmisioa, sorkuntza garaikidea eta komunitatearen indartzea ditu ardatz. Antolatzaileen hitzetan, euskal kulturak behar duen “olatu berriaren” parte izan nahi du Sormenaldiak, kultur jarduera herrietako arnasguneetan sustatuz eta publiko berriei hurbilduz.
Markina-Xemein, aurtengo berritasun nagusia
Edizio honen nobedade nagusia Markina-Xemeinen parte-hartzea izango da. Lehen aldiz, herriak hiru eguneko programazio propioa hartuko du, “Ipar haizeak” eta Zuberoa iparrorratz hartuta. Dantza, musika eta sorkuntza garaikidea izango dira ardatz, Mixel Etxekopar eta Maddi Oihenart bezalako sortzaileen eskutik.
Sormenaldiak, gainera, diziplina ugari bilduko ditu: musika, antzerkia, bertsolaritza, literatura, zinema, performancea eta dantza tailerrak, publikoari esperientzia anitz eta hurbilak eskaintzeko helburuarekin.
Jaialdiari hasiera emango dio Hezur Berriak ikuskizunak, Ikusgarri Aretoan 20:00etan. Ane Labakaren poema-testuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak uztartuko dira. Musika Ines Osinagaren eskutik etorriko da, eta bertsoak Uxue Alberdik eta Onintza Enbeitak jarriko dituzte. Emanaldiaren ostean, sortzaileekin solasaldia egingo da.
Lekeitioko egitaraua ekainaren 24an hasiko da Hezur Berriak ikuskizunarekin, 20:00etan Ikusgarri Aretoan. Ane Labakaren poema-testuen irakurketa musikatuak eta bat-bateko bertsoaldiak uztartuko dira, Ines Osinagaren musikarekin eta Uxue Alberdi zein Onintza Enbeitaren bertsoekin. Emanaldiaren ostean, sortzaileekin solasaldia egingo da. Hurrengo egunean, ekainaren 25ean, Ipuin Bat Kantatua proposamena izango da Azkue Aretoan; Eider Rodriguezek aukeratutako ipuin baten irakurraldia eta Anariren kanten interpretazioa izango dira ardatz, eta amaieran solasaldia egingo da. Programazioa ekainaren 26an amaituko da Anton Abadia. Dublinetik Hendaiara ikuskizunarekin. Loraldiaren ekoizpen propio honek Anton Abadiaren bizitza eta ibilbidea kontatuko ditu Anje Oregiren bakarrizketaren bidez, eta zuzeneko soinu-banda Xabi Zeberiok eta Mixel Ducauk eskainiko dute, Alaia Phillipsen ahotsarekin batera. Emanaldia 20:00etan izango da Ikusgarri Aretoan.
Markina-Xemeingo egitaraua uztailaren 1ean hasiko da Mixel Etxekoparrek gidatutako Zuberoako Dantza Tailerrarekin, Uhagon Kulturgunean. Parte-hartzaileek Zuberoako jauziak eta doinuak ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute. Uztailaren 2an, Xiberoa Kantuz Loraturik. Txoriekin Hizketan saioak zinema eta solasaldia uztartuko ditu, Zuberoako sormen prozesuen inguruko ikuspegi berezia eskainiz eta ondoren sortzaileekin hitz egiteko aukera emanez. Egun berean, Mixel Etxekoparrek performance musikatua eskainiko du, inprobisazioa eta esplorazioa oinarri dituen sorkuntza libre baten bidez. Sormenaldia uztailaren 3an amaituko da Lur ikuskizunarekin; Maddi Oihenartek eta Juantxo Zeberiok musika, poesia eta testuak uztartuko dituzte formatu intimo eta hunkigarrian.
Lekeitioko egitaraua
- Ekainak 24 – 20:00etan. Hezur Berriak.
- Ekainak 25 – 19:00etan. Ipuin Bat Kantatua.
- Ekainak 26 – 20:00etan. Anton Abadia. Dublinetik Hendaiara.
Markina-Xemeingo egitaraua
- Uztailak 1 – 18:30ean. Zuberoako Dantza Tailerra.
- Uztailak 2 – 19:30ean. Xiberoa Kantuz Loraturik. Txoriekin Hizketan.
- Uztailak 2 – 20:30ean. Mixel Etxekoparren Performance Musikatua.
- Uztailak 3 – 20:00etan. Lur.
Sarrerak dagoeneko salgai
Sormenaldiko ekitaldi batzuetarako sarrera doakoa izango da, baina beste batzuetan aurrez erosi beharko dira. Prezioak 5 eta 10 euro artekoak izango dira, eta Loraldiaren komunitateko kide diren Lorazainek deskontuak izango dituzte.
Sarrerak eta informazio guztia Loraldiaren webgunean eskuragarri daude.