Gazteentzako psikologia zerbitzua eskainiko du Lea-Artibai Mankomunitateak
Zerbitzua jaso nahi duten Hamairu eta 30 urte bitarteko gazteek ekainaren 15a baino lehen eman beharko dute izena.
Lea-Artibai Mankomunitateak GaztePsik programa abiatu du bigarren urtez. Ikastetxe eta guraso elkarteekin gazteen beharrak aztertu ostean abiatu zuten iaz ekimena. Aurten ere, hamairu eta 30 urte arteko gazteei laguntza psikologikoa “arrazoizko prezioan” hurbiltzeko asmoz abiatu dute zerbitzua. Gazte bakoitzak zazpi saio izango ditu psikologoarekin Markina-Xemeingo Lea-Artibai Mankomunitateko egoitzan, eta saio bakoitzaren kostua 10 eurokoa izango da.
Saioak jasotzeko izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 15era arte, eta horretarako, interesdunek internet bidezko galdetegi bat bete beharko dute. Formularioa bidali ostean, Mankomunitateak mezu bat bidaliko du informazio gehigarriarekin. Adin txikikoek gurasoen edo tutorearen baimena beharko dute saioetan parte hartzeko. Edozein zalantza izanez gero, 94-616 90 68 telefono zenbakira deitu daiteke, edo ongizate@lea-artibai.org helbide elektronikora idatzi.