Plazabarripea eraldatzeko herritarren iritziak behar ditu Markina-Xemeingo Udalak
Ekainaren 14ra arte egongo da zabalik Plazabarripea eta Zelaia eraldatzeko herritarrei zuzendutako galdetegia.
Markina-Xemeingo Udalak Plazabarripearen berrantolaketa pentsatzeko parte-hartze prozesu bat abiatu zuen apirilean. Gunea berriztuta irudikatzen duten proiektuak aurkeztu zituzten herriko hainbat arkitektok, eta proposamen horiek herritarrei erakusteko bilkurak antolatu zituzten. Plazabarripea erabiltzen duten herriko helduek eta emakumeek proiektu hauek ikusi eta euren iritzia emateaz gain, proposamenak eta beharrak mahaigaineratzeko espazio bat sortu zuten udaletxeko osoko aretoan.
Bilkurak amaituta, hurrengo fasea abian jarri du udalak: bileretan mahaigaineratu diren proposamenak kontuan hartuta, herritar guztiei zuzendutako galdetegia. Herriko gune garrantzitsuenetako bat dela azpimarratu du udalak, hala, “ezinbestekoa da herritarren eta espazioaren erabiltzaileen iritzia jasotzea”. Horretarako, udalak galdetegia prestatu eta zabaldu du Markina-Xemeingo Udalak, “espazio hau nola erabiltzen den eta egin daitezkeen esku-hartze ezberdinen inguruko galderekin”.
Inkestak herritarrek plazabarripeari buruz duten iritziak batuko ditu. Erabilerak modu egokiagoan gauzatzeko Plazabarripeak behar dituen hobekuntza proposamenak, espazioko ekipamenduei buruzko iritziak eta hauek hobetzeko bideak, eta zelaia eta bere erabilera hobetzeko iritziak batuko ditu. Gainera, eremuetan egingo diren esku-hartzeen edo hartuko diren neurri posibleen balorazioa batuko da: Kultur Aretoaren eraikina edo bolumena eta kioskoa eraistea, liburutegia handitzea, frontoi osteko ekipamenduen berrantolaketa egitea edo Pasealekua eta zelaiaren arteko harremana sendotzea izango dira herritarrek baloratu beharreko neurriak. Gainera, “Plazaberripea eta Zelaia banatzen dituen errepidean norabide bakarreko trafikoa” jartzeari buruz ere galdetu dute. Herriko helduek plazabarripeko estalpea handitzeko proposamena mahaigaineratu zuten, eta orain, proposamen hori herritarrei luzatu die udalak.
Galdetegia internet bidez bete daiteke esteka honetan. Bestalde, paperean bete nahi izanez gero, galdetegia Udaletxean, Herri Bibliotekan eta Beti Jai elkartean eskuragarri izango dute herritarrek. Ahalik eta herritar gehienen erantzunak jasotzeko asmoz, ekainak 14ra arte egongo da zabalik galdetegia betetzeko epea.