Umeen Euskal Jaia ospatzeko prest daude Mutrikuko dantzari txikiak
11:30ean emango diote hasiera Mutrikuko Umeen Euskal Jaiari bihar. Aurten, ez dute parte hartuko beste herrietako dantza taldeek.
Urteroko formatuan dator aurten ere Gure Ametsa dantza taldeak antolatutako Umeen Euskal Jaia, eta herriko txikiak “prest” daude bihar Mutrikuko kaleak dantza eginez zeharkatzeko. Hala ere, antolatzaileek adierazi dutenez, aurten, Gure Ametsako dantzariak egongo dira soilik, izan ere, Mutrikutik kanpoko dantza taldeek ez dute parte hartuko: “Hainbat arrazoi medio, aurten kanpotik ez da dantza talderik etorriko. Pena apur bat eman digu horrek, umeei ilusio berezia egiten baitie beste herrietako umeekin egon, harremanak egin eta eguna batera pasatzea”.
10:30ean batuko dira Albokan, eta buruan zapiak jarri ondoren, 11:30ean kalejiran jaitsiko dira Beheko Plazara. Bertan hasiko dira dantzan, eta bi dantza egin ostean, Zabiel plazara lekualdatuko dira: “Zabiel Plazan beste dantza batzuk egingo ditugu eta 13:00 aldera Goiko Plazara igoko gara. Hor, Alardearen txanda izango da eta betiko dantzak egingo ditugu denok batera: agintari, agurra, banakoa eta txankarrekoa”. Ostean, maila bakoitzak dantza bat dantzatuko du, lehenengo mailatik hasita: “Aurten, kanpoko dantzaririk ez datorrenez, irakasleoi ideia ona iruditu zitzaigun maila bakoitzari bere momentua eskaintzea. Polita izango da maila bakoitzak herriari erakustea ikasturtean zer ikasi duten”. Ondoren, guztiek batera polka dantzatuko dute, eta eguerdiko egitarauari amaiera emango diote.
Bazkalostean berriro batuko dira Beheko Plazan, 17:00etan, eta Aliritzi erromeriarekin batera dantzatu ostean amaiera emango diote aurtengo Umeen Euskal Jaiari.