Xemein Abesbatzak koralista ohiak gonbidatu ditu 50. urteurreneko kontzertura
50. urteurrena ospatzeko kontzertu "berezia" eskainiko du Markina-Xemeingo Xemein Abesbatzak uztailaren 11n. Horretarako, aurretiaz abesbatzan ibilitako partaideak gonbidatu dituzte.
Xemein Abesbatzako eta Oskarbiko abeslariak, zapatuan [urtarrilak 10].Xemein Abesbatza Markina-Xemeingo Xemein Abesbatza 50. urteurrena ospatzen dabil ikasturte honetan. Izan ere, hainbat ekintza eraman ditu aurrea azken hilabeteetan, besteak beste, Xemeingo ahotsak ziklo korala. Hala, urteurrena biribiltzeko, kontzertu “berezia” eskainiko dute uztailaren 11n [zapatua], Zelaian. Horretarako, hiru abesti abestera gonbidatu dituzte 50 urte horietan abesbatzaren parte izan diren koralista guztiak.
Entseguak ekaineko astelehenetan egingo dituzte: ekainaren 8an, 15ean, 22an eta 29an. 19:30ean udaletxe zaharrean batuko dira entseatzeko. Abesbatzatik jakinarazi dutenez, entseguetara doanak izena eman beharko du xemeinabesbatzamx@gmail.com helbidera idatzita edo 682 20 65 56 zenbakira deituta: “Entseguetan zenbat jende aurkituko dugun aurretiaz jakin nahi dugu, antolatzeko”. Beraz, entseguak egin ondoren, uztailaren 11n Markina-Xemeingo Zelaian batuko dira, 50 urtetan abesbatzaren parte izan diren guztien artean hiru abesti kantatzeko: “Zure ahotsa falta da, zurekin musika indartsuago da!”.
Jose Luis Lauzirikari, omenaldia. 50. urteurreneko ekimenen baitan, domekan [ekainak 7] omenaldia egingo diote abesbatzaren sortzaile eta lehenengo zuzendari izandako Jose Luis Lauzirikari. Ekimena Arratzun izango da, zuzendari ohiaren jaioterrian. Lehenengo, 12:30ean meza egongo da Arratzuko parrokian, eta Xemein Abesbatzak abestuko du, ondoren, kontzertu txiki bat eskainiko dute. “1976ko azaroan sortu zuen abesbatza, sasoi hartan Eskola Laboraleko maisua zenak. Lauzirika zuzendaria izan zen garaian izugarrizko garapena izan zuen taldeak. Izan ere, 1977an eskaini zuen lehen kontzertua Begoñako aste musikalean, Bilbon, eta urtebete beranduago, 1978an, 80 ahotsek osatzen zuten abesbatza. 1979an Bizkaiko Abesbatzen Federakundeko sortzaileetako bat ere izan zen, eta 1980an, lehen Euskal Musikastea ospatu zen Markina-Xemeinen”. Taldearen esanetan, abesbatzarentzat “oso garai arrakastatsua” izan zen: “Egitura zaileko lanak abesteaz gain, Xemein Abesbatzarentzat konposatutako lanak ere estreinatu ziren: Aita Jose Domingoren Euskarazko Meza eta Ixil Ixil, Anton Larrauriren Durundu eta Lauzirikaren Kontrapas”. 1981ean hil zen Lauzirika, eta Martin Alberdi herriko musikariak hartu zuen zuzendaritzaren ardura.