"Minaren tokian berriro bizitza eta edertasuna hazten hasten dira"
Aitari eskainitako ‘Zaurietan lore’ lehen bakarkako lanean, doluaren fase ezberdinak, memoria eta itxaropena musikaren bidez jaso ditu musikari eta ekoizle lekeitiarrak.
Dolua eta galera dira Iban Martinen lehen bakarkako lanaren abiapuntua. Zaurietan lore EPak lau kanturen bidez artistaren bizitzako une pertsonala eta sakona jasotzen du: aitaren heriotzaren ondorengo dolu prozesua. Musikariak azaldu duenez, kantuak galera gertatu eta gutxira sortu ziren, udako hilabeteetan, baina denbora batez gordeta egon ziren. “Nahikoa jarraian idatzi nituen, baina gero, kaxoian gorde nituen. Denborarekin sentitu nuen atera nahi nituela eta omenaldi modukoa prestatu”, azaldu du.
Proiektua ez da berehala gauzatu. Neguan heldu zen grabazioari ekiteko unea, eta prozesu osoa bere erritmoan egin zuen. “Dena neuk egin dut, nire denborak errespetatuz. Lasaitasunez eta indarra sentitu dudanean”, dio. Horrela sortu zen aitari eskainitako unibertso intimoa, non oroitzapenak, emozioak eta doluaren fase desberdinak musikaren bidez bildu dituen.
Diskoa osatzen duten lau kantek hari komuna dute. Martinen esanetan, bakoitzak galeraren aurrean bizi izan duen une jakina islatzen du. Izenburua ematen dion Zaurietan lore kantak omenaldi zuzena egiten dio aitari, “lore eskaintza moduan” ulertuta. “Galera baten aurrean inguruan dituzun pertsonak dira aurrera egiteko indarra ematen dizutenak”, azaldu du. Bezpera bat galeraren onarpenari buruzkoa da, bizitzaren ezinbesteko alde gisa heriotza ulertzeko ahalegina. Zure altzoan kantan, berriz, gertukoen babesak hartzen du protagonismoa. Laugarren piezak, Roberren bibotiak, beste ikuspegia eskaintzen du. Gorka Benitezek konposatutako kanta instrumentala da, eta Martinek agurraren ospakizun gisa ulertzen du.

“Nik ikusi nuen agur hori modu alaiago batean ospatzeko aukera bezala”, adierazi du. Artistaren hitzetan, disko osoa doluaren bidaia emozional baten moduan ulertu daiteke. “Galera batean momentu desberdinak daude. Batzuetan errusiar mendi bat da. Badago pertsona hori gogoratzea, omenaldia egitea, baina baita negarra, amorrua edo ezbeharraren aurrean sortzen diren galderak ere”. Horregatik, lau kantak ez dira istorio lineala, baizik eta doluaren fase eta sentipen ezberdinen isla.
Izenburuak berak ere lanaren muina azaltzen du. Martinek kontatu du loreen sinbolismoa doluaren lehen egunetan gertuko batek azaldu ziola, eta ideia horretatik sortu zela izenburua. “Nik ulertzen dut zaurian dagoen minaren tokian berriro poza, ilusioa eta bizitza hazten hasten direla. Horixe da Zaurietan lore”.
Bakarkako lehen lana izan arren, Martinek argi dauka diskoaren soinuak urte askotako bidea duela atzean. “Gerora konturatu naiz, baina soinu hau urteetan landu dut”, azaldu du. Gitarren doinuek, ahots hauskorrak eta moldaketa zainduek nortasuna ematen diote lanari. Horregatik, Martinek bere “musikarik pertsonalena” dela aitortu du. Musikari eta ekoizle moduan alderdi teknikoa kontrolpean izan arren, erronka handiena emozionala izan dela dio: “Teknikoki oso gustura ibili naiz, baina emozionalki izan da zailena”. Kantak grabatu eta argitaratzea ez zen arazoa; benetako pausoa publikoagaz partekatzea izan zen.
“Batzuetan pentsatzen duzu familiari jotzea nahikoa dela. Baina gero konturatzen zara beste pertsonei ere zerbait mugiarazi diezaiekeela”. Horregatik erabaki zuen lana kaleratzea, bere esperientzia pertsonala beste batzuekin partekatzeko. Eta erantzuna segituan iritsi da. Diskoa argitaratu ondoren, dolu prozesuak bizi izan dituzten pertsonen mezu ugari jaso ditu. “Jendeak idatzi dit entzun duela eta barruan mugitu diola. Horrelako mezuak jasotzea oso polita da”. Orain arte musikari eta ekoizle moduan aritu izan da batez ere, baina proiektu honek beste leku batetik hitz egiteko aukera eman dio. Etorkizunari begira, hurrengo pausoa noiz eta nola izango den ez daki, baina badu irizpide argia: “Ez dut idatzi nahi idazteagatik. Kantuak egingo ditut benetan zerbait esateko sentitzen dudanean”.