Unai Perez: "Portugalgo Kopa irabaztea nire ibilbideko lorpenik handiena izan da"
Unai Perez Alkorta atezain ondarrutarrak Portugalgo Kopa irabazi du Torreense taldeagaz. Datorren denboraldian ere bertan jarraituko duela adierazi du Perezek, eta etorkizuneko planei begira jarriz, datorrena «gogotsu» hartuko duela azpimarratu du; izan ere, atezainak irekita ditu bere ateak.
Unai Perez bere familia eta lagunekin. Unai Perez. Denboraldi hasieran heldu zen Portugalgo Torreense taldera Unai Perez Alkorta (Ondarroa, 2001) atezaina. Denboraldi hasiera “gorabeheratsua” izan arren, Lehenengo Mailara igotzeko partida jokatzera heldu dira, eta hori gutxi balitz, Portugalgo Kopa ere irabazi du taldeak Sportingen aurka lehiatuta. Lortutako garaipena ez da oharkabean igaro, ez Ondarroan ezta Torres Vendrasen (Portugal) ere.
Portugalgo Kopa irabazi duzu Torreense taldeagaz. Zer sentitu duzu lortutako garaipenagaz?
Finalerako sailkatu ginenean ez geneukan irabazteko esperantza handirik. Gu Bigarren Mailan egonda, aurrean maila handiko taldeak geneukan, besteak beste, Sporting, Portugalgo hiru talde handietako bat da. Hala ere, entrenatzaileak esan zigun eurek asko zutela galtzeko eta guk asko irabazteko. Guk ez geneukan presiorik, eta horrela, garaipena lortu genuen. Duela bi aste bizitakoa ezin da diruarekin ordaindu.
Familia eta lagunak Portugalen izateak, are bereziagoa egingo zuen garaipena, ezta?
Bai, dudarik gabe. Banekien familia bertan egongo zela, baina ez nekien lagunak joango zirenik. Gainera, partida ikustera ere denak batera joan ziren, eta egun guztia elkarrekin pasatu zuten. Bertan, zaleen gune bat zegoen, eta han egon ziren guztiak dantzan, ospakizunean murgilduta. Futbol zelaira ere esango nuke erdi mozkor sartu zirela denak, kar-kar-kar. Behin partida amaitu zenean, guztiak batera ikusi nituen harmailan; zelaira ere jaitsi ziren eta kopagaz argazkia atera genuen. Oso berezia izan zen niretzako.
Nola ospatu zenuten titulua taldearekin zein zaleekin?
Ez genuen ospakizun luzeegirik egin, hurrengo egunean entrenamendua geneukalako. Ondoren, autobusez udaletxera joan ginen eta herritarrek sekulako harrera egin ziguten. Jende asko zegoen gure zain. Hori amaitutakoan etxera joan ginen, biharamunean lanean jarraitu behar baikenuen.
Portugalgo Kopa irabaztea, zer-nolako lorpena izan da zure ibilbide profesionalean?
Portugalgo Kopa irabaztea nire ibilbideko lorpenik handiena izan da. Azken finean, bigarren mailako talde batekin titulu handi bat irabazi dugu. Euskal herrian Eibarrek edo antzeko talde batek Errege Kopa irabaziko balu bezala. Denboraldi hasieran inork gutxik ezagutzen zuen gure taldea Portugalen, eta orain, denek dakite nor garen. Horixe dakar horrelako txapelketa bat irabazteak.
Kopaz gain, oro har, nola baloratzen duzu aurtengo denboraldia?
Ligari dagokionez, hasieran ez ginen batere ondo ibili. Kopan aurrera egiten genuen bitartean, ligan emaitza txarrak ateratzen genbiltzan. Azaroan eta abenduan sei partida jarraian galdu genituen. Urtarrilean entrenatzailea aldatu zuten, eta ordutik, gauzak asko hobetu ziren. Talde guztiari konfiantza eman digu eta emaitzetan ere nabaritu da. Esan daiteke denboraldiaren lehen erdia oso txarra izan dela, baina bigarrena oso ona.
Zure rol pertsonalagaz gustura gelditu zara?
Bai. Hasieratik banekien beste atezainak lehentasuna izango zuela, aurreko denboralditik baitzegoen taldean. Horregatik, ez nuen espero nahi adina minutu jokatzea. Hala ere, asko ikasi dut. Lehen aldiz etxetik kanpo egon naiz denbora luzez: oso gustura egon naiz, eta datorren urtean ere hemen jarraituko dut. Minutu gehiago jokatzea gustatuko litzaidaken arren, oso pozik nago bizi izan dudanagaz.
Kopako partidetan aukera gehiago izan dituzu. Nola bizi izan dituzu neurketa horiek?
Partiden artean hilabete inguruko tartea egoten zen askotan, eta aurretik urduritasun handia sentitzen nuen, baina ez urduritasun ona. Azterketa baten aurretik bezala sentitzen nintzen, partida noiz helduko zain. Hala ere, gero gauzak oso ondo atera dira, eta, beraz, oso pozik nago egindako lanagaz.
Kopa irabazi eta egun gutxira igoera fasean kanpoan geratu zineten. Nola bizi izan zenuen kontraste hori?
Astebetean hiru partida jokatu genituen eta hori asko nabaritu zen taldean. Nekatuta geundela nabaria zen. Joaneko neurketan 0-0 berdindu genuen, baina itzulikoan 2-0 galdu genuen. Gainera, entrenatzaileak aldaketa gutxi egin zituen, eta horrek ere eragina izan zuen. Itzuliko partidan lehen zatian 1-0 galtzen joan arren, markagailuko tartea handiagoa izan zitekeen.
Hala ere, zein da denboraldi osoaz egiten duzuen balorazioa?
Denboraldi hasieran norbaitek esan izan baligu Portugalgo Kopa irabaziko genuela eta igoera fasea jokatuko genuela, berehala sinatuko genukeen. Horregatik, badakigu denboraldi historikoa egin dugula, eta balorazioa oso positiboa da.
Gauzak oso ondo atera dira, eta, beraz, oso pozik nago egindako lanagaz.
Ondarroara bueltatuz, herrian nola jaso dute titulua?
Izugarria izan da. WatsAppetik eta Instagrametik mezu pila bat jaso ditut. Igoera faseko partidak jokatu ondoren Ondarroara itzuli nintzen, Alde Zaharrean bi pauso eman eta jendea gelditzen zitzaidan zorionak emateko.
Horrelako aitortzak eskertzen dira, ezta?
Bai, noski. Arrebak esan zidan prestatzeko, jendeak kalean geldituko ninduela. Herri txikiek duten xarma da hori.
Datorren denboraldian ere, Torreensen jarraituko duzu, ezta?
Bai. Bi urterako sinatu nuen, eta hirugarren urtea klubaren eta nire borondatearen araberakoa izango da. Gainera, Portugalgo Kopa irabazita Europa Leaguerako sailkatu gara. Kirol zuzendariagaz hitz egin dut eta nirekin kontatzen dutela esan dit. Beraz, ekainaren amaieran Portugalera itzuliko naiz.
Eta epe ertzain edo luzera begira, nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Etortzen dena esku zabalik hartzea da nire asmoa. Datorren urtean Europa Leagueko partidak bizitzea ametsa da niretzat; duela urte batzuk ez nuen hori irudikatuko. Oraingoz oso gustura nago Portugalen. Gero ikusiko dugu zer aukera sortzen diren, Espainiako Estatuan edo hortik kanpo. Ez dut gehiegi pentsatzen horretan; etorriko dena etorriko da. Ate guztiak zabalik ditut.
Ez dut gehiegi pentsatzen etorkizunean; etorriko dena etorriko da. Ate guztiak zabalik ditut.
