Artea herriari zabaltzeko asmoz, Eskatz Okerra Eguna ospatzen dabiltza Markina-Xemeinen
ZZE maskara tailerragaz eman diote hasiera Eskatz Okerra egunari. Eguerdian 50 lagun inguru batuko dira bazkarian, eta ostean, gauera arteko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute markina-xemeindarrek.
Eskatza Arte Espazioaren inaugurazioa eta Okerrak taldearen urteurrena batu dituzte gaurkoan [ekainak 6] Eskatz Okerra Egunean. Artea eta sormena herrira zabaltzea helburu izanik, egun guztiko egitaraua antolatu dute Markina-Xemeinen: “Betidanik egon da arte eskola gure herrian, eta herriko belaunaldi askok umetatik nerabezarora arte bertan jaso dugu gure lehen arte heziketa. Herritar askok asko diogu zor eskola honi, eta gu, horren ondorengo belaunaldia gara. Gainera, ikusten dugu, momentu honetan Markina-Xemeinen kulturaren pizkunde bat ematen ari dela, eta kolektibo ezberdinak indartzen gabiltzala. Beraz, arte diziplina ezberdinetako jendea batu gara gaur, artea eta sormena herrira zabaltzeko”.
11:30ean eman diote hasiera egitarauari ZZE maskara tailerragaz. Bertan, belaunaldi ezberdinak batu dira egun guztian soinean izango duten maskara egiteko. Horrez gain, bitartean, Okerra taldekoek biniloen pintxada egin dute tailerra girotzeko. Arte Eskolaren kanpoaldean Eskatza Arte Espazioak antolatutako erakusketa jarri dute, eta arratsaldean sariak banatuko dituzte: epaimahaiaren saria, publikoarena eta originalena.
Tailerra amaitu ostean, bazkaritan batuko dira guztiak; gutxi gorabehera, 50 lagun inguru. Ondoren, herriko kaleak hartuko dituzte kalejira koloretsuagaz; Bilbotik datorren House of Basqueers Kultur Elkartea arduratuko da kaleak kolorez betetzeaz. Erakusketako sariak banatu ondoren, 20:00etan pintxo pintxada egingo dute, eta horretarako, biniloak eramateko deia egin dute antolatzaileek. Azkenik, musikagaz emango diote amaiera egunari gaurkoan. Giante, Galder eta DJ Matri igoko dira oholtzara.
Espazioa gaur inauguratu badute ere, herriari zabaltzea da antolatzaileen helburua: “Ez dugu joan etorriko kontu bat izaterik nahi, irekita eta denon eskura dagoen espazioa izatea nahi dugu. Hemendik herrira zabaldu nahi dugu, eta arte kolektiboen arteko elkarlana sustatu. Aurten, Okerrakoekin antolatu dugu lehenengoa, eta oso eskertuta gaude, lehenengo momentutik baietz esan baitute”. Ildo horretatik, Eskatza Arte Espazioa “denentzako etxe” bihurtu nahi dute: “Oso herri kulturazalea da gurea baina aurrerapausoak ematea kostatzen zaigu. Beraz, lotsak albo batera utzi eta pausoa emateko momentua da. Bide horretatik dabiltza gaur egun ere herriko hainbat eragile, eta Eskatza ere horretara dator: denontzako etxe izatera“.