Kolore hori eta beltzez bete dira Kamiñazpi auzoko zirrikitu guztiak
Julen Ormazabal eta Igor Iriondok irabazi dute Kamiñazpiko XX. Pala txapelketa. Herri bazkarian 500 lagun inguru batu dira.
500 lagun inguru batu dira herri bazkarian. Kamiñazpiko Jai Batzordea. Goizean goizetik antzeman da jai giroa Ondarroako Kamiñazpi auzoan. Balkoietan zein auzoko zirrikitu guztietan kolore horia eta beltza dira protagonistak gaurkoan. 11:00etan eman diote hasiera Kamiñazpiko XX. Pala txapelketari, eta Julen Ormazabal eta Igor Iriondo izan dira irabazleak, Elordi eta Gartziaren kontra finala jokatuta.
Kamiñazpiko parkeko karpa umez beteta egon da, bertan egon baitira puzgarriak zein bestelako jolasak. Bestalde, inguruko txokoetan paella prestatzen zebilen jendea, lagun taldetan banatuta. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten, 500 lagun batu dira herri bazkarian, “inoizko gehien“. Bien bitartean, Kresala Musika Banda eta herriko trikitilariak auzoa alaitzen ibili dira alde batetik bestera,
Arratsaldean eta gauean ere ez da planik faltako Kamiñazpin. Bazkalostean Joxpa erromeria taldea igoko da oholtzara, eta ordu berean, 18:00etan, umeentzako zinea egongo da Ibaiondon, OLEEren eskutik. Ondoren, 18:30etik 10:30era bitartean, goizean bezala, umeentzako puzgarriak egongo dira.
22:00etan emango diote hasiera gau giroari, Urtz taldearen kontzertuagaz. Ondoren Lekeitioko 48280 taldearen txanda izango da, eta amaitzeko DJ Juseffek jarriko ditu eguneko azkenengo kantuak.
Atzo, lehenengoa. Atzo hasi zituzten jaiak Kamiñazpiko auzotarrek, 18:00etan botatako txupinazoagaz eta txosna irekieragaz. Jarraian, Kamiñazpiko XX. Pala txapelketaren lehenengo jardunaldia egon zen. Ondoren, musika eskolako pop eta rock konboen txanda izan zen. 22:00etan eman zioten hasiera Play Back lehiaketari, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, hiru sari banatu zituzten. Guzurtixak taldeak irabazi zuen Karakterizazio onenaren saria, Ariana Granderen Break Free abestiagaz; Gabeko diamantik taldeak koreografia onenaren saria jaso zuen Zara Larsonen Lush life kantuagaz; eta Sorgiñak taldeak play back onenaren saria eskuratu zuen, Janus Lesterren Dap dap abestiagaz. Aurten, zazpi taldek eman zuten izena lehiaketan: 2026ko korrikalaixak, Txupi party, Petardak, Sorgiñak, Gabeko diamantik, Zuhaitzetako adarrak eta Guzurtixak. Urtero legez, Txo! Antzerki Kolektiboak aurkeztu zuen saioa, Ana Elordiren laguntzagaz, eta Doctor Dance dantzari ondarrutarra igo zen oholtzara gonbidatu gisa. Ekimenaren laguntzaileak Amarratza taberna eta Ganbara denda izen direla azpimarratu dute.