Hitzarmen duin baten alde borrokan jarraitzen dute Bizkaiko kontserbetako langileek
Bizkaiko arrain kontserben sektoreko langileek hirugarren greba eguna egin dute gaur [ekainak 10]. Grebak jarraipen "oso ona" izan duela azaldu dute sindikatuek, ia ekoizpen osoa gelditu baita.
Manifestazioa egin dute gaur, Ondarroan. Apirilaren 23ko eta 30eko lanuzte partzialen ondoren, egun guztiko hirugarren greba eguna egin dute gaur [ekainak 10] Bizkaiko kontserba sektoreko langileek, eta 11:30ean Ondarroako Zaldupeko zubitik hasi eta Alamedara arte egindako manifestazioarekin eman diote amaiera borroka egunari. Lehenengo greba eguna maiatzaren 21ean egin zuten, eta bigarrena, ekainaren 8an. Sindikatuek azaldu dutenez, “arrakastatsuak” izan dira borroka egunak: “Ekoizpena ia osorik gelditu da SALICA, SERRATS, ZALLO, ORTIZ, OLASAGASTI, AGUIRREOA, MARINO eta HEISA bezalako enpresetan”. Hala, CEBEKi bidalitako mezua argia izan da: “Negoziatzen hasi eta sektoreko langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituen edukirik proposatzen ez badu, gatazkak bere bidea jarraituko du helburuak lortu arte”.
Hamaika dira langileek greba egiteko dituzten arrazoiak, eta beste hamaika, borroka egun hauen helburuak: “KPIa bermatuko dituzten soldata duinak; genero soldata arrakalari behingoz amaiera ematea, patronalak berak sektorean onartzen duen arrakala lehenbailehen ixtea, eta lanbide sailkapena behar bezala baloratuko duen egiazko politikak abiaraztea; mugak jartzea etenkako kontratuei zein finkoei eta ABLEei; eta lanaldia murriztea, kontziliazioan irabazten jarraitzeko”.
Bizkaiko elikadura industrian tradizio zein sustrai handia duen sektore “erabat feminizatua” dela nabarmendu dute langileek, eta hori gutxi balitz, historikoki soldata baxuak izan dituztela; izan ere, kontserbetako lana etxeko soldata nagusiaren “osagarri huts bat” zenaren ideiari lotuta egon dela azaldu dute: “Gaur egun, beste kolektibo bat gehitu zaio sektoreari: pertsona migratuen kolektiboa. Patronal honen arabera, badirudi aipatutako kolektiboei ez digutela soldata eta lan baldintza duinak bermatu behar”.
Beraz, gaur [ekainak 10] kalera atera dira, beste behin: “Langileok nahikoa dela esan dugu, eta gure enplegua zein lan baldintzak duintzeko unea dela aldarrikatu”. Lan karga “izugarriak” dituen sektorea dela saatu dute, eta gainera, aitortu gabeko lanbide gaixotasunak eragin ditzakeela. “Hori gutxi balitz, Aldi Baterako Lan Enpresen (ETT) bidezko finko-etenkako kontratuek ez dute inolako egonkortasunik ematen eta sektoreko langileen prekarietatea betikotu bestetik ez dute egiten”, azaldu dute langileek.
Sektoreko langileak duintasunez bizitzea ahalbidetuko duten lan baldintzak aldarrikatu dituzte langileek: “Horregatik, CEBEKeri argi geratu dakion: patronalak gure lan baldintzak nabarmen hobetuko dituen eskaintza bat egin arte eta gure helburua lortu arte, borrokan jarraituko dugu!”.
