"Itsasoa zaintzea bizitza zaintzea delako"
'Zero zabor uretan' itsas hondakinen arazoari buruz gogoeta egiteko ekimenaren baitan, Ondarroako gaztetxoek itsasoaren ongizatearen aldeko erakusketa sortu dute.
Zero Zabor Uretan ekimenak itsas hondakinen arazoari buruz gogoeta egiteko eta irtenbideak bilatzeko prozesu parte-hartzailea sortu du. Udalak, ikastetxeak, kultur elkarteak eta etorkizun osasuntsuago baten alde lan egiten duten hainbat pertsonak batu ditu ekimenak, MATER Ontzi Museo Ekoaktiboaren gainean egingo duten itsas zeharkaldiagaz bat egin dutenak.
Zeharkaldia uztailean izango bada ere, Zero Zabor Uretan ekimena herriz herri ari da. Ondarroan izan ziren atzo Zabor eta Bio eraldoiak, herriko haurrekin itsasoari eta bertan amaitzen duen zaborrari buruzko hausnarketa egiteko. Sentsibilizazio eta ahalduntze hitzaldiak egin dituzte egunero sortzen diren hondakinei eta itsasoaren kutsadurari buruz. Hala, Zaldupe eskolako eta Zubi Zahar ikastolako Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek gai honi buruzko mezuak idatzi eta erakusketa bat sortu dute. Ane Goenaga eta Yeissa Arruabarrena MATER ontziko tripulazioko kideek eman zien itsasoaren egoeraren berri, ingurumenak behar duen etorkizuna eraikitzeko.

Erakusketa Ondarroako erregistro bulegoan ikusgai egongo da domekara arte [ekainak 14]. Ondoren, itsasoa zaintzearen aldeko kartel eta mezuak Ondarroako merkatarien erakusleihoetan jarriko dituzte, herritarrak erosketa ohitura jasangarrietara bideratzeko. MATER ontzia Ondarroako portura helduko da uztailaren 10ean, eta uztailaren 12ra arte egongo da portuan, doako jarduetaz betetako egitarauagaz.