Euspot lehiaketaren publikoaren saria, Ondarroara
Ondarroako ikasleen 'Zergatik ez?' spotak irabazi du Euspot lehiaketaren publikoaren saria, eta sari nagusia, ostera, 'Klik bat baino gehiago' spotarentzako izan da.
Ondarrutarrak, sari banaketa ekitaldianEuspot Aretxabaletako Arkupe kultur etxean banatu zituzten atzo arratsaldean [ekainak 11] Euspot lehiaketaren sariak. Naia Sillero aktoreak eta Ian Ruiz eduki sortzaileak aurkeztutako ekitaldian, “festa giroa” nagusi izan zen. Lehiaketara aurkeztutako 95 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 20 finalistak ikusi zituzten pantaila handian.
Sei kategoritan banatu dituzte sariak aurten, eta Klik bat baino gehiago spotak lortu du sari nagusia. Asier Corchete eta Anje Arlanzon (Oñati eta Arrasate) Spotaren “kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna” da epaimahaiak gehien baloratu duena.
Publikoaren saria, berriz, ondarrutarrentzako izan da; Zergatik ez? spotarekin irabazi du Eñaut, Manex, Jokin, Oier, Ane, Intza, Noa, June, Haizea, Lea, Maialen, June, Izar, Nora, Jare, Maialen, Naia, Laia, Iraun, Alain eta Aizak osatutako taldeak. 1.800 bototik gora eduki ditu euren proposamenak, eta saria irabazita, 500 euro jaso dituzte.

Irabazle guztiak, sari banaketa ekitaldianEuspot
Mikel Lizardik eta Inhar Ormazabalek (Elizondo eta Iruñea) eskuratu dute Musika sinkronizazio onenaren saria, eta 300 euro eman dizkiete. Igo ezazu bideoa iragarkiaren musikaren “egokitasuna eta originaltasuna” azpimarratu ditu epaimahaiak.
18 urtetik beherakoen kategoriako Gazteen saria Eman like euskarari! spotaren egile Sara Iraola Arriaran eta Naia Martinez Oruna arrasatearrentzako izan da, eta 500 euro jaso dituzte.
Bestalde, 250 euro banatu dituzten Arizmendiko ikasleen spotik onenaren kategorian, Aretxabaletako Lander Valle eta Peru Iturricastillo nagusitu dira. Sarea zurea da! spotarekin aurkeztu dute lehiaketara. Halaber, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena Eneko Eizagirre, Auritz Loidi eta Eider Abarrategiren (Zarautz, Bergara eta Arrasate) Izan marrazo! izan da, eta horiek 500 euro irabazi dituzte.