Musikaiaren XIII. Aste Musikalak 380 ikasle batuko ditu
Musikaz beteko da Lekeitio martitzenetik [ekainak 16] astelehenera arte [ekainak 22]. Piano, saxofoi, gitarra, abesbatza eta txistulari heldu eta gazteen emanaldiez gozatzeko astea izango da.
Datorren astean ospatuko du Lekeitioko Musikaia Udal Musika Eskolak XIII. Aste Musikala. Martitzenetik astelehenera [ekainak 16tik 22ra] bitartean egingo diren lau emanaldietan, musika eskolako ikasleek ikasturte osoan egindako lana erakutsiko dute jendaurrean. Guztira, 380 musikari inguruk hartuko dute parte kontzertu eta ekitaldietan.
Martitzenean [ekainak 16] 19:00etan hasiko da ekimena, Ikusgarri Zinema Aretoan. Bertan, musika eskolako talde eta bakarlariek parte hartuko dute; besteak beste, piano-jotzaileek, trikitilariek, rock taldeek eta hainbat instrumentuz osatutako konboek. Kontzertuaren baitan, gainera, Musika Mintzairako 5. maila gainditu duten hemeretzi ikasleei diplomak emango dizkiete.
Eguaztenean [ekainak 17], ordu berean eta leku berean, musika taldeen bigarren emanaldia izango da. Bi egunetan, klarinete, saxofoi, txirula, biolin, tronpeta eta bestelako instrumentuetako ikasleek hartuko dute parte, bakarka zein taldeka. Guztira, 120 musikari inguru igaroko dira Ikusgarriko agertikotik.
Koruek izango dute protagonismo osoa eguenean [ekainak 18] 19:00etan, udaletxeko eskaileretan egingo da urtero bezala Koruen Eguna. Musika Tailerreko ikasle txikienak, lau abesbatzak —Koral Txiki, Koral Gazte, Kantakai Korala eta Kilinkala Abesbatza— eta txistulariak elkartuko dira ekitaldi berezi horretan. Guztira, 230 partaide inguruk parte hartuko dute.
Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia elizan egingo litzateke. Antolatzaileek nabarmendu dute Koruen Eguna dela Aste Musikaleko hitzordurik jendetsuena, adin guztietako musikariak elkartzen baitira bertan: 5 urteko ikasleetatik hasi eta 80 urtetik gorako abeslarietaraino. Gainera, euskal eta nazioarteko errepertorio zabala eskainiko dute, Mikel Urdangarin, ETS, Sorotan Bele, Oskorri eta euskal musika klasikoko egileen piezak interpretatuz.
Aste Musikalari ekainaren 22an emango diote amaiera, 17:30ean Musika Eskolan bertan egingo da ikasle gazteenen emanaldiagaz. Lehen urteko instrumentu ikasleek parte hartuko dute kontzertu honetan, euren lehen agertoki esperientzietakoa biziz. Antolatzaileek azaldu dutenez, espazio familiar eta hurbilagoa aukeratzen dute urtero, ikasle txikienek “lasaitasunez eta konfiantzaz” jo ahal izan dezaten. Pianoa, biolina, klarinetea, saxofoia, flauta, oboea, gitarra, bateria, trikitixa eta beste hainbat espezialitatetako 30 ikasle batuko dira saioan.
Oihana Etxabe Musikaia Udal Musika Eskolako zuzendariak azaldu duenez, “aste hauek lan handiko egunak izaten dira irakasle eta ikasleentzat, baina ilusioz bizi dituzte azken entseguak. Kontzertuak beti dira ikasturte osoan egindako lana erakusteko une bereziak. Urduritasuna egoten da, baina baita gogoa eta ilusioa ere”, adierazi du.
Urtero bezala, publikoaren “erantzun ona espero” dute antolatzaileek. Azken finean, Aste Musikala Musikaia Udal Musika Eskolako hitzordu berezienetakoa bihurtu da, eta ikasturteari amaiera emateko ekitaldirik esanguratsuena da.
Egitaraua:
- Ekainak 16, martitzena. Musika talde ezberdinak eta Musika Mintzaira. 5. maila bukatu dutenei diploma banaketa, 19:00etan, Ikusgarri Zinema Aretoan.
- Ekainak 17, eguaztena. Musika talde ezberdinen kontzertua, 19:00etan, Ikusgarri Zinema Aretoan.
- Ekainak 18, eguena. Musika tailerrak, abesbatzak eta txistulariak, 19:00etan, udaletxeko eskaileretan.
- Ekainak 22, astelehena. Ikasle txikien tresnetako emanaldia, 17:30ean, Musika Eskolan.