Oletako jaiak Amoroto eta inguruko herritarrak gozaraztera datoz
Zapatuan [ekainak 13] emango diote hasiera amorotarrek Oletako Jaiei, eta astelehenera [ekainak 15] arte iraungo du festa giroak auzoan.
Udako denboraldiari hasiera ematera datoz Oletako jaiak; izan ere, Amoroto zein inguruko herritarrek egutegian biribildutako egunak dira datozenak. Hala, zapatutik [ekainak 13] astelehenera [ekainak 15] arte iraungo du jai giroak auzoan. “Duela urte batzuk Oletako Pazkoak ziren auzoko jaiak, hau da, gaur egun ospatzen ditugunak baino hiru aste lehenago ospatzen genituen. Hala ere, 2010 bueltan ikusi genuen jaiak beheranzko joeran zihoazela; beraz, ekainaren bigarren astera aldatu genituen. Izan ere, maiatzaren amaieran gazteak azterketekin eta selektibitateko probak prestatzen ibiltzen dira, eta ez dakigu horregatik izango zen edo ez, baina aldatu genuenetik gorantz egin dute, nabarmen gainera. Ordutik jendetza batzen da auzoan”, azaldu dute antolatzaileek.
Beraz, zapatuko Tortilla Txapelketagaz emango diote hasiera festa giroari. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, 20:30erako aurkeztu beharko dira tortillak: “Ez dago izenik eman beharrik, nahi duenak aurkeztu dezake zapatuan bere tortilla. Hori bai, bertan egin beharko dute, eta bakoitzak bere materiala ekarri beharko du”. Normalean hamar talde inguru aurkezten direla azpimarratu dute: “Jendeak afaltzeko aprobetxatzen du, parranda egin aurretik tripa betetzeko”. Ondoren, 21:00etan Kittu txarangak girotuko ditu auzoko izkina guztiak, eta 23:30ean hasiko dira kontzertuak: Bengo, Jonkass eta Dj Aitxe. “Daukagun aurrekontuaren arabera aukeratzen ditugu kontzertuak, baina normalean ez gara oso estu ibiltzen. Horrez gain, herriko gazteei ere galdetzen diegu beren interesen berri. Izan ere, gazteak erakarriko dituen kontzertuak lotzen ditugu normalean”.
Domekan [ekainak 14] urteroko mezagaz emango diote hasiera egunari, Oletako zelaian, eta ondoren, Naiara eta Izarra trikitilariek alaituko dute auzoa. Egunari amaiera emateko Urtza herri kirol taldekoek ikuskizuna eskainiko dute.
Astelehenean ere [ekainak 15] jai giroa bermatuta egongo da Oletan. Arratsaldean txikienen txanda izango da, umeentzako puzgarriek eta jolasek hartuko baitute plaza, BAT, BI ETA HIRU FESTA! taldearen eskutik. Gauean Akerbeltz erromeria taldea igoko da oholtzara, eta ondoren, DJ Arenek emango dio amaiera egunari.
Antolatzaileak azken ordura arte lanean dabiltzan arren, “gogotsu” daude astebururako: “Jaien bezperan pila bat gauza izaten ditugu egiteko, betiko legez. Hala ere, jendearen erantzuna ikusten dugunean gogotsu hartzen ditugu jaiak, baita jaietako egunetan egin beharreko lana ere. Gainera, Oletan Jai Batzorde propioa daukagu, baina Amorotoko Jai Batzordeak asko laguntzen digu, eta biok batera ateratzen ditugu jaiak aurrera; batak bestea barik ez du funtzionatzen. Oletako Jai Batzordea aurretiko antolakuntzaz arduratzen bada ere, Amorotoko asko etortzen dira muntaketa lanetara eta barrako txandak egitera”.
Protokoloa. Iazko jaietarako eraso matxisten kontrako protokoloa indartu zuten antolatzaileek, eta aurten ere, horretan berretsi dira. Hala, puntu morea egongo da erasoak salatzeko eta prebentziorako, baina ardura kolektiboa dela azpimarratu dute: “Erasoen kudeaketa ezin da lau pertsonen arduran gelditu. Ardura kolektiboa da eta denok izan behar gara horren parte”. Jai Batzordeko kideek mezu argia bidali dute: “Datorrena etorri dadila ondo pasatzeko eta parrandarako gogoagaz, baina beti ere, lasai eta jarrera egokiagaz”.
Autobusak. Urtero legez, aurten ere, zapatuan Gababusa egongo da Lea-Artibaiko herrietatik. Horrez gain, Oletako Jai Batzordeak autobusak jarriko ditu zapatuan eta astelehenean. Zapatuan 22:00etatik 06:00etara bitartean autobusak egongo dira Oletatik Lekeitiora, gau guztian. Astelehenean, berriz, 22:30etik 01:00etara eta 02:30etik 05:00etara bitartean egongo da zerbitzua.
EGITARAUA
Ekainak 13, Zapatua
- 20:30: Tortilla txapelketa.
- 21:00: Kittu txaranga.
- 23:30: Bengo.
- Ostean: Jonkass.
- Gero: DJ Aitxe
Ekainak 14, Domeka
- 12:30: Meza Oletako zelaian.
- Ondoren: Naiara eta Izarra trikitilariak.
- 18:30: Urtza herri kirol taldearen ikuskizuna.
Ekainak 15, Astelehena
- 17:30: Puzgarriak eta umeen jolasak Bat, Bi, Hiru Festa!-k girotua.
- 22:00: AKERBELTZ erromeria.
- Ondoren: DJ Arene.