"Ernai gazteria Euskal Herriaren askapen prozesura batzeko tresna da"
Ernairen IV. Kongresuaren ondoren, antolakundeak bere misioa berretsi du: gazteria askapen prozesura batzea, balio independentistetan politizatzea eta Euskal Herriaren eraldaketa sozial eta politikoan eragile aktibo bihurtzea.
Haitz Urruzuno Gartzia eta Danel Larruskain Ikaran. Ernaik IV. Kongresu prozesuan ateratako ondorioak plazaratu ditu. Kongresuaren helburua antolakundea egungo testuinguru politikora egokitzea izan da, bere sorrerako misioari eutsiz. Danel Larruskain Ikaran eta Haitz Urruzuno Ernaiko kideek azaldu dutenez, Ernaik gazte independentistak antolatzen jarraitu nahi du, nazio auzia erdigunean jarriz eta gazteriaren behar, nahi eta kezkak politizatuz. Horretarako, antolakunde «zentratu eta zabala» izateko apustua berretsi dute, gazteentzako borrokarako eta parte hartzerako erreferentziazko espazioa izateko helburuarekin.
IV. Kongresu prozesua amaitu berri duzue. Zein konpromiso nagusitan berretsi da Ernai IV. Kongresuan?
Haitz Urruzuno Gartzia: Bi konpromiso berretsi ditu Ernaik bukatu berri dugun IV. Kongresu honetan. Alde batetik, Euskal Herriarekiko konpromisoa azpimarratu dugu; finean, gure herria askatasunera eramateko konpromisoa.
Danel Larruskain Ikaran: Bestetik, euskal gazteriarekiko konpromisoa izan da berretsi dugun bigarrena. Ernaik historikoki lan egin izan du gazteon nahi, behar eta kezkak politizatu eta gazte zapaldurik gabeko herri eta jendartea eraikitzen. Prekarietate eta ezegonkortasunak gero eta gehiago eragiten du gazteon bizitzetan, eta bizi dugun krisian espektatiba eta helduleku barik geratzen ari gara. Zentzu horretan, gure misio historikoari jarraiki, gazte oro duintasunez bizitzeko lanean jarraituko dugu.
Zein da Ernairen helburua?
H.U.G.: Ernairen misio historikoa gazteak Euskal Herriaren askapen prozesura erakartzea eta balio independentistetan heztea da. Gure ustez, gazteak dira etorkizuneko aldaketa politiko eta sozialaren eragile nagusietako bat eta, horregatik, beharrezkoa da antolatzea, politizatzea eta borrokarako prestatzea. Horretarako, Ernai gazteentzako tresna eraginkor eta egokia da.
Ernai euskal gazteria askapen prozesura batzeko tresna gisa definitzen duzue, beraz.
D.L.I.: Bai, Ernai gazteria Euskal Herriaren askapen prozesura batzeko tresna da. Antolakunde zentratu eta zabala izatea nahi dugu. Zentratua da nazio auzia erdigunean jartzen duelako eta gazteen kezkak ikuspegi politiko batetik lantzen dituelako. Aldi berean, zabala da ahalik eta gazte gehienengana iritsi nahi duelako, haien behar, nahi eta arazoak nazio askapen mugimenduagaz lotuz. Horrela, Ernaik ahalik eta gazte gehienen etxe izan behar du, eta gazteriaren ahotsa ordezkatzen duen antolakundea izan behar da.
Ernaik ahalik eta gazte gehienen etxe izan behar du, eta gazteriaren ahotsa ordezkatzen duen antolakundea izan behar da.
Gaur egungo testuinguruari erreparatuz, zein da Ernaitik egiten duzuen egoeraren gaineko irakurketa?
D.L.I.: Mundua krisi egoeran dago. Sistema kapitalistaren metaketa fasearen amaieran gaude, eta honek, azken urteetan bizi ditugun krisiak eta prekarizazio prozesuak are gehiago azeleratzen ditu. Mundu mailan gatazkak eta krisiak areagotzen ari diren honetan, Euskal Herrian ere egoera horren eraginpean gaude, hau da, ez gaude hortik salbu. Testuinguru honetan ideia erreakzionarioen gorakada bat ematen ari da, ideia hauek gizarteko hainbat espaziotan sarbidea dute. Herri gisa zapalduak garen heinean eta Frantziako eta Espainiako estatuen baitan, ez dugu erronka hauei herri gisa erantzuteko tresna nahikorik. Hala ere, Euskal Herrian baditugu erronka hauei erantzuteko baldintza eta gaitasunak.
Euskal Herriari dagokionez, zeintzuk dira egungo ziklo politikoa ezaugarritzen dituzten elementuak?
H.U.G.: Kongresua testuinguruaz eta Euskal Herriaz egiten dugun irakurketa gaurkotzeko ariketa ere izan da. Ez gaude duela hamar urteko egoera berean, ezta duela lau urtekoan ere. Begirada altxatu dugu, eta erreparatu dugu 2011n nola aurkitzen ginen, edo nola aurkitzen zen askapen mugimendua bera: aurrera egiteko zailtasunekin eta egokitzapen baten beharragaz. Orain, ate berriak ireki direla argi dago.
D.L.I.: Adibide garbi bat da gatazkaren ondorioen konponbidean urratsak eman ditugula. Izan ere, txikiak ginenean ikusi genuen Euskal Herrian 500 preso politiko zeudela, eta gaur egun, ikusten dugu, 100etik behera gelditzen direla kartzeletan. Dispertsioagaz amaitu genuen, eta orain, etxera ekartzeko bidean pauso nabarmenak eman ditugu. Orain, behin betiko urratsak egiteko momentuan gaude. Zapatuan Arrasaten Sarek egin zuen deialdian ere argi ikusi zen hori: 2027ko urtarrilaren 9ko manifestazioak azkena izan beharko lukeela.

Bide horretatik, ezkerreko independentismoa gorakada baten aurkitzen dela ere nabarmendu duzue.
D.L.I.: Bai. Ezker independentismoaren gorakadak egungo ziklo politikoa ardazten du guretzako. Izan ere, gizartearen zenbait balio ordezkatzen dituen mugimendu politikoa da, eta daukan babes sozial eta politikoa geroz eta handiagoa da. Argi ikusi daiteke azkenengo hilabeteetan herri mugimenduko eragile ezberdinek aurrera eramandako ekimenetan: Korrika, Greba Orokorra, Mugimendu Feministaren deialdiak… guztiek marko bera daukate: Euskal Herria.
Zer proiektu integral eskaintzen du Ernaik Euskal Herriarentzat?
H.U.G.: Ernaik Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeko proiektua proposatzen du. Horren arabera, herriak independentzia lortu behar du nazio gisa aitortua izateko eta bere etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea edukitzeko. Proiektu horrek askapen nazionala ez ezik, eraldaketa sozial eta politikoa ere bilatzen ditu, gizarte justuago eta berdinzaleago baten alde eginez.
Zein dira Ernairen erronka nagusiak Kongresuaren ondoren?
H.U.G.: Lehen erronka gazte bulkada nazionala indartzea da, gazteria balio independentistetan politizatuz. Bigarren erronka gazteen nahi, behar eta kezkak politizatzea eta agenda politikoaren erdigunean kokatzea da. Hirugarren erronka, berriz, gazte borrokarako ekosistema indartzea da, gazteen espresio eta antolakuntza modu desberdinak kontuan hartuz. Hiru erronka horien bidez, Ernaik gazteria askapen prozesuaren subjektu aktibo bihurtu nahi du.
Ernaik Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeko proiektua proposatzen du.
Aurreko urteetako estrategiari autokritika eginda heldu zarete ondorio horietara.
D.L.I.: Aitortu dugu lehen gazteen arazoak modu murritzean ulertzen genituela. Gazte problematika etxebizitzagaz, lanagaz edo antzeko arazoekin soilik lotzen genuen. Hala ere, hausnarketa baten ondoren ondorioztatu dugu gazteon nahi, behar eta kezkak askoz ere zabalagoak direla. Horregatik, arazo horiek guztiak ulertu, politizatu eta alternatibak eskaintzeko marko bat eraiki behar dela defendatzen dugu.
Kongresuaren baitan ildo estrategikoak ere definitu dituzue. Zeintzuk?
H.U.G.: Bost ildo estrategiko nagusi zehaztu ditugu datozen urteetarako. Lehenengoa feminismoa da, Euskal Herria feminista bat baita guk amesten duguna. Bigarrena jatorri eta kultura aniztasuna da, herrian dauden errealitate desberdinak aintzat hartzeko. Hirugarrena euskara da, hizkuntzaren normalizazioa eta erabilera sustatzeko. Laugarrena hezkuntza da, gazteen formakuntza eta kontzientzia politikoa garatzeko eremu garrantzitsua delako. Bosgarrena maila lokaleko espazio askotarikoak dira, herri eta auzoetan antolakuntza eta parte hartzea sustatzeko.
Garaiak borroka eskatzen duela diozue. Zeintzuk?
D.L.I.: Gaur egungo egoera politiko eta sozialak gazteon parte hartze aktiboa behar du. Euskal Herriak dituen erronken aurrean ezinbestekoa da antolakuntza eta borroka sustatzea. Ernaik herri eta auzoetan antolatzeko aukera eskaintzen du, gazteak borrokara batzeko. Mezua argia da: garaiak borroka eskatzen du.
Lehenengoa feminismoa da, Euskal Herria feminista bat baita guk amesten duguna.