Atotxako garaipen historikoaren 50. urteurrena ospatu du Mutriku Futbol Taldeak
1975eko Kopako finaleko Mutriku eta Touring taldeetako jokalariak elkartu dira gaur [ekainak 13] San Miguelen, oroimenez, emozioz eta aitortzaz beteriko ekitaldian.
Gaur [ekainak 13] 50 urte betetzen dira Mutriku Futbol Taldeak Errenteriako Touring taldearen kontra kopako finala irabazi zuenetik, Atotxan, 3-0ko markagailuarekin. Atotxako partiduan “erakusketa handia eta zoragarria” egin zuten mutrikuarrak, eta horrek, hirugarren mailara igoteko ateak ireki zizkieten. Izan ere, barneko berrantolaketagatik eta taldeko ekonomia egoeragatik, taldea “inondik inora” ezin izan zuen lekua eskuratu.
Aurten, 5o urte bete dira eta, gainera, zapatua. Horregatik guztiagatik, Mutrikuko Futbol Taldeak omenaldia egin diote finala jokatu zuen talde biei: Mutrikuko Futbol Taldea eta Errenteriako Touring taldea. San Miguel futbol zelaian batu dira guztiak: omenduak –bai mutrikurrak, baita touring taldekoak– , bazkideak, jokalariak eta haien familiak. Omenduen artean, Bixio Gorriz Realeko jokalari ohia nabarmendu zen. Realera iritsi aurretik Errenteriako Touringen jokatu zuen, eta gaur omenaldia jaso duen partida hartako jokalarietakoa izan zen.
Omenaldi “xumea eta berezia” eskaini diote. Omenaldia aurreskuaren doinuarekin hasi da, bi dantzari eta txistulari baten laguntzagaz. Ondoren, Joxe Mari Ulazia futbol taldeko laguntzaileak, ekitaldia dinamizatu du, eta amaitzeko, omendutako jokalari guztiei oroigarri bana eman zaie. Txaloz eta emozioz beteriko ekitaldia izan da.
Omenaldiaz gain, egun guztiko egitaraua antolatu dute. Goizean, harrobien arteko futbol partidak egon dira, bertan taldeko benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak batu dira. Ospakizunarekin jarraituz, 220 jokalari, omendu eta bazkide batu dira Egaña frontoian bazkaltzeko eta ondoren, denboraldiko sari banaketa egiteko.